Biboteen hilabetea iritsi da
Azaroarekin batera, martxan dago Movember kanpaina, Goierri Moherri taldearen ekimenez. Gaur egin dute kanpainaren aurkezpena Ordiziako Plaza Nagusian. Ekintza ezberdinak egingo dituzte Ordizian, Beasainen eta Lazkaon azaroan dirua biltzeko eta kontzientziatzeko.
Azaroa iristear da eta horrekin batera abian da Movember kanpaina Goierrin ere, Goierri Moherri taldearen ekimenez. Hilabete osoan biboteak utziko dituzte hainbat eta hainbat herritarrek, gizonen osasunaren inguruan -eta zehazki prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan- kontzientzia sortzeko helburuarekin, biboteak kanpainaren ikur nagusi direlako. Gaur iluntzean eman dute Movember kanpainaren berri Izaro Iraeta aurkezleak eta Moherriko Nick eta Felitxo kideek, taldeko beste kideen laguntzarekin, Ordiziako Plaza Nagusian. Ekintza ezberdinak egingo dituzte Ordizian, Beasainen eta Lazkaon, kontzientziaziorako zein diru-bilketarako.
2003. urtean sortu zen ekimena, Australian. Bertako gizon bati prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta haren lagunek, elkartasuna adierazte aldera, biboteak utzi zituzten. Movember izena eman zioten ekimenari, ingelesezko november (azaroa) eta moustache (bibotea) hitz jokoa erabilita. Hurrengo urtean, 2004an, Movember Fundazioa eratu zen, diru-bilketak eta kontzientziazio kanpainak egiteko.
Pixkanaka herrialde ezberdinetara hedatu zen egitasmoa, eta 2008an Goierrira iritsi zen, Ordizia Rugby Elkartean jokatzen zuen Zeelanda Berriko Phil Huxford errugbilariaren bidez. Goierri Moherri taldea sortu zuten gero, eta harrezkero, ondo errotu da.
Ikerketa programak
Aurten ere hitzaldiak, salmentarako produktuak, bakarrizketa edota pintxo-biboteak egingo dituzte gaiaren bueltan eskualdean, gizonen osasuna erdigunean jarri, ikusgarritasuna eman eta ikerketa bultzatzeko dirua biltzeko. 2003tik Movember Fundazioak 950 milioi euro bildu ditu eta 1.250 ikerketa programa finantzatu ditu mundu osoan.
Hiru lan arlo
Movember-eko taldeek antolatutako jardueren atzean hiru lan arlo daude. Batetik, ikerketa onkologikoa sustatzea du helburu fundazioak, eta irtenbide berriak sortzeko eta prostatako eta barrabiletako minbiziari aurre egiten diotenen bizi-kalitatea hobetzeko inbertitzen du bildutako dirua. Bestetik, prebentzio mezua hedatu nahi dute, azterketa urologikoak egitera animatuta, auto-esplorazioak egiten ikas dezaten bultzatuta eta tabuak apurtuta osasun mental zein fisikoari buruz hitz egiterakoan. Azkenik, suizidioaren prebentzioa da fundazioaren hirugarren lan arloa. Emozioak modu naturalean kudeatzen sustatzea, elkarrizketak sortzea, beldurrei buruz hitz egitea eta gizonen zaurgarritasuna plazaratzea dute helburu.
Goierriko ekintzak
- Itsulapikoak. Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko ostalaritza eta merkataritza saltokietan dirua biltzeko.
- Merchandising. Kapelak, kamisetak, poltsak, motxilak, txapak…eta aurten poloak atera dituzte salgai jartzeko.
- Hitzaldia. Jakintza Ikastolan, DBH4koekin, ostiralean. Hizlariak: Moherriko kide bat, farmazialari bat eta kaltetu bat.
- Azoka. Azaroaren 22ko Ordiziako Azokan photocall-a eta salmenta postua.
- Pintxo-biboteak. Garagune, Atzegi, Bakuntza eta Jakintzako kideek biboteak sortuko dituzte pintxo-pote egunetarako.
- Bakarrizketa. Azaroaren 17an, Lazkaoko Areria aretoan Jon Plazaola, Jon Martinez eta Kike Bigurirekin, 20:00etan. Sarrerak www.lazkao.eus webgunean edo leihatilan erosi daitezke, 10 euroan.
- Paella jana. Azaroaren 26an, Ordiziako frontoi txikian. Tiketak 6 euroan jarriko dituzte salgai.
- Kirol elkarteak. Elkarlana kirol elkarteekin.
- MoBros. Azaroan, Irene, Alazne eta Manolo bizartegietan bibote mozteak.
- Taldeko argazkia. Azaroaren 29an, kanpaina amaitzeko, biboteen argazkia Ordiziako Plaza Nagusian.