Goierriko mugimendu feministak Azaroaren 30eko greba orokorrerako deia egin du
Deialdi bateratua egin dute bailarako taldeek, Lazkaon elkartuta. "Herri akordio baten proposamena" ondu dute, eta eraitsi nahiz eraiki beharreko kontzeptuak zerrendatu dituzte.
Goierriko mugimendu feministak, Azaroaren 30eko greba orokorraren testuingurua herri bakoitzean taldeka landu ondoren, bailara osorako ekimen bateratua gorpuztu du. Lazkaoko kultur etxean, atzo arratsaldean egin zuten deialdia, herri askotako ordezkariak elkartuta. «Herri akordio bat proposatzeko» izango da greba feminista.
Zaintzaren gaia du ardatz aldarrikapenak, eta kontzeptu horren inguruko hausnarketa egin dute. Zaintza lana, oinarrizkoa izan arren, «ikusezina eta ordainik gabea» eta belaunaldiz belaunaldi emakumeen bizkar eroritakoa izan dela salatu dute. «Berebiziko formula magikoa».
Irakurketa sozioekonomiko zabalago batean kokatu dute arazoa. Norbere buruaren zaintza antolatzeko zailtasunak, denentzat erresidentzia publikorik ez egotea, «pobreziara kondenatzen gaituzten pentsioak» edukitzea, zainketa etxean egiteko zailtasunak edo zaintzaileen lan baldintzak aipatu dituzte.
Etxeko langileen «miseria» ere azaleratu nahi dute azaroaren 30ean, haien lan baldintza «kaxkarrak» jo-puntuan jarrita. «Lan esentzial eta garrantzitsu honi sistemak begiak itxita begiratzen dio, eta gainera Atzerritartasun Legea, tresna indartsua, erabiltzen dute langile horien kontra. Lege horretaz baliatuz, milaka emakume ikusezin ari dira lanean, beren eskubideak ezin egikariturik, ilegalak direla esaten dien lege baten pean».
Horma eraitsi eta eraiki
Lazkaoko talde feministaren esku geratu zen asteleheneko aurkezpena, eta, performance baten bidez, eraitsi beharreko jokabideak, arauak eta moduak irudikatu zituzten. Paper batean itsatsi zituzten etxebizitza eskubidea denek ez edukitzearen arazoa, zaintza sistema publikoaren gainbehera, edo pribatizazioaren bidez zaintza negozio bilakatu izana. Suntsitu egin zuten horma hori gero, eta A-30eko deia agerrarazi zuten azpian.
«Pikutara goaz, ez da posible okerrago egotea», ohartarazi dute. Egoera iraultzeko, zenbait ekinbide aurreratu ditu mugimendu feministak: zaintza duina eskubide unibertsal bihurtzea, sistema publiko indartsua, agroekologia sustatzea, etxeko langileen eta sektorearen baldintzak hobetzea, langile guztien erregularizazioa, eta zerbitzuen pribatizazioa amaitzea eskatu dituzte.
Bitartekotzat, berriz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, edo erroldatze eta etxebizitza eskubideak denentzat bermatzea jarri dituzte. Zaintzaren ardura «gizarteratu» behar da, gizonek lan horietan «ardura» hartuta eta zaintza lanak eremu guztietan transbertsalki landuta.