«Herria mantenduko bada, zerbitzuak beharrezkoak dira»
Bigarren alkatetza du Iñaki Aizpuruk (Itsasondo, 1956), EH Bildurekin. Eskola berria eta denda berriaren proiektuak dituzte esku artean. Basoak berreskuratzeko lanean segitzen dute.
Zinegotzi bat gehiagorekin hasi zenuten 2023/2027 legealdia. Horrek aldaketa dakar?
Aldaketa baino, gehiago da lana banatzen dela. Bost edo sei zinegotzi izan…sei badira hobeto, baina azkenean dinamika bera da. Hiru taldetan banatzen da halere lana: ongizatea, lurralde antolaketa eta herri bizitza.
Esku artean duzue eskola berriaren proiektua. Lanak atzeratu egin dira?
Bai. Urte askotako proiektua izaten ari da. Eskola berria duela 12 urte eskatu zen, 2011n hasi zen. Hiru legealdi joan dira horretan, aurretik ere lan asko egin da, beharra zegoelako. Zorionez, ume asko daude eskolan. Eusko Jaurlaritzak zerrendan sartu gintuen, eskaera onartu zuten, eta esleipena egiteko aurrekontua eguneratu egin behar izan dute. Eguneraketa horretan, 3 milioitik pasa dira, eta ongizatekoek txostena egin behar izan dute eta horrek atzeratu egin du. Berez, asmoa da ikasturte honetan hastea. Horregatik dago eskola udaletxean.
Irisgarritasun zati bat bideratzeko ere balioko du.
Eskolako obra hori erabiliko da plaza berri bat ere egiteko, eta irisgarritasunaren zati bat konpontzeko. Igogailua izango dugu, eta eskolaren goiko aldean plaza bat jarriko da. Gauza berriak baina aldi berean aprobetxatu daitezkeenak.
Zer moduz moldatzen ari zarete udaletxean?
Gustura gaude. Arazoa izan da ekitaldi kulturalak ere udaletxean egiten zirela, baina orain gaztelekua eta jubilatuen elkartea ere erabiltzen dira. Lekuak behar ditugu azkenean. Jubilatuen elkartea ere jangela bezala erabiltzen dute haurrek.
Kaxintane tabernan kozinatutakoa bazkaltzen dute. Eskolaren proiektuari begira horren aldeko apustua egin duzue.
Orain arte Ausolan kooperatibatik egiten zen jangela zerbitzua. Eskola berriak sukaldea eramango du. Hori da apustua, bertako produktuekin egindakoa bazkaldu dezaten, baina hori bigarren proiektu batekin dauka lotura: dendarekin.
Nola doa dendaren proiektua?
Next Generation diru laguntza eskatu genuen eta 400 mila euro eman digute denda egiteko. Lokala udalak erosi zuen duela pare bat urte, plazan bertan. Berrikuntzak eskatzen dituzte, eta bide horretatik internetetik saltzeko aukera jarriko dugu. Altzaga eta Aramarekin ere elkarlanak egingo dira. Altzagan, adibidez, baratzetik bizi nahi duen gazte bat dago, eta bere produktuak saltzeko aukera aztertzen ari gara. Denda berria oraingoa baino 3 aldiz handiagoa da.
Kudeaketa oraingoek egingo al dute?
Oraingoekin hitz eginda gaude eta beraiek ere prest daude. Emakidak dira azkenenean, baina ikusiko dugu beste batzuk ere aurkezten diren. Normalean ez da horrelako lehia izugarria izatean. Herritar batzuek kooperatiba osatu zuten hori eramateko, eta gure nahia behintzat haiekin jarraitzea da, baina ezin dugu zuzenean eman, baldintzak bete behar dira. Taberna ere berdin dago, udalarena da. Herri bat tabernarik edo dendarik gabe…bizia ematen dute.
«Onura publikoa indartzeko, mendian publikotasun hori bilatzen ari gara»
«Gustua ematen du jendeak laguntzen duenean eta prest dagoela ikustean»
Mediku kontsulta baduzue. Jarraituko du?
Altzaga, Arama eta Itsasondorentzat da. Geroz eta jubilatu gehiago, geroz eta behar gehiago dago. Herria mantenduko bada, horrelako zerbitzuak beharrezkoak dira. Medikua jubilatzear dago, eta gure kezka da ez jartzea beste bat. OSIkoekin egon ginen Ordizian, eta esan ziguten haien asmoa mantentzea dela. Esperantza daukagu mantenduko dutela.
Etxebizitzak egiteko asmorik badago?
Egiteko asmoa dago. Aparkalekua dago herri sarreran, udalaren lursailak dira. Jaurlaritza alokairu sozialean etxebizitzak egiteko prest dago, esan zigutenez hogeitik gora eskaera zituztela Itsasondorako. Lursail hori herritik kanpo geratzen da. Hirigintza arauen arabera, 25-30 etxebizitza egiteko moduko poligono bat daukagu. Pribatua da, baina negoziatzen ari gara. Herria egiteko komeni zaigu hutsuneak aprobetxatzea. Ea lortzen dugun terreno hori etxebizitzak egiteko. Bata edo bestea, legealdi honetan egingo dira.
Gazte zein helduentzat?
Itsasondon etxe gutxi daude igogailuarekin. Azterketa bat egin da eta etxebizitzan arazoak dituen jende heldua dago. Haientzat ere aukera bat izan daiteke. Lehenengo, dena den, aukera eskaini behar dugu eta horretan gaude. Jaurlaritzak baiezkoa eman zigun.
Beko Kaleko proiektua aurrera doa?
Egunotan prestatu dugu eta baldintza plegu baterako dago. Beko Kale amaierako eremua udalak erosi zuen duela urte batzuk eta hirigintza arauetan industrialdean dago. Esleipena aterako da industriaren batek nahi izanez gero jartzeko aukera izateko. Horrekin batera, errepidearekin lotura egingo litzateke. Baldintza urbanistikoetan hori sartzen da. Garai batean errepide nagusia bertatik pasatzen zen, eta egun alboratuta geratu da. Datorren urtean zorte pixka batekin, 2025erako gehienez.
Energia berriztagarrien komunitatea sortuta dago: HITZAR.
Proiektuko lehenengo instalazio fotovoltaikoa Iraola baserrian dago. Frontoiko teilatuko instalazioa ere badago. Hori udalak egin zuen komunitatera pasatzeko asmoarekin. Hitzar martxan dago eta jendeak gogoekin hartu du. Kooperatiba bat da eta talde eragilea dauka. Aholkularitza ere jasotzen dugu adituengandik. Helburua da Itsasondon gutxienez etxebizitzetan erabiltzen den elektrizitatea bertan sortzea, eta posible da esan zigutenez. Gertatzen dena da honekin atzeratu egiten direla tramiteak, baina horretan gaude.
Mendi publikoa berreskuratzeko lanean jarraitzen duzue?
Lursailak erosten ari gara publiko bihurtzeko. Bertako basoak berreskuratzen ahalegintzen ari gara, eta horrekin batera, perretxikoen inokulazioak egiten ari gara. 150 hektarea baino gehiago erosi ditugu. Onura publikoa indartzeko publikotasun hori bilatzen ari gara. Ingurumeneko laguntzak eskatzen ditugu urtero.
Zer beste inbertsio daukazue?
Baserrietan sareko ura jartzeko proiektua daukagu, Gipuzkoako Ur Kontsorziokoa, Arriarango ura. Baserrietara hemen ez da iristen, eta mendikoa erabiltzen dute, hala moduzko baldintzetan. Lehenengo fasean, duela bi urte, depositua jarri genuen 600 metroko altueran, eta bigarren faseari ekingo diogu orain. Meategiko eremua berreskuratzeko laguntza ere jaso dugu.
Herri giroa indartzeko beharra ikusten duzue?
Herri giroa badago, leku askotan bezain beste edo gehiago. Jendea herriaren parte sentitzen da. Jende berria dator eta integratzen da. Gustua ematen du jendeak laguntzen duenean eta prest dagoela ikusten duzunean. Beti dago zerbait: liburu aurkezpenak, ibilaldiak, erakusketak, pintxo poteak… Herri txikia, baina badu bizipoz hori.