Konputazio kuantikoarekin hasiko dute 'Azaroa, Zientziaroa', ostiralean
Mikel Sanz fisikan lizentziatua izango da lehenengo gonbidatua Lemniskata zientzia sare herrikoiak antolatutako zikloan. Matematika argazki lehiaketa ere martxan dago, hamargarrenez.
Azaroa, zientziaren hilabetea da Beasainen. Lemniskata zientziaren sare herrikoiaren ekimenez, hemen da Azaroa, Zientziaroa zikloa, zientziaren dibulgazioa helburu duena. Edizioz edizio egin duten moduan, hitzaldi sorta interesgarria izango da aurtengoan ere.
Lehenengo hitzordua, ostiralean, hilak 3 izango da, Igartza jauregian, 19:00etan. Konputazio kuantikoa eta haren aplikazioak hizpide izango ditu Mikel Sanz, lehenengo gonbidatuak. Euskal Herriko Unibertsitatean fisikan lizentziatua, hizpide izango duen gaiaren bueltan ikerketa lanean ari da 2018tik.
Hurrengo hitzorduak
Zikloaren barruan, ondorengoak izango dira hurrengo datak eta gaiak. Azaroaren 10ean, ostirala, 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian, Martin Garciak, Nafarroako artxibategi nagusian jasotako Goierriko XIX. mendeko argazkiak aurkeztuko ditu. Lemniskata Kaierak bildumako zazpigarren ale berezian jaso ditu eta egindako lanaren aurkezpena egingo du. Gaiaren bueltan argitaratutako bigarren alea da.
Azaroaren 17an, ostirala, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian, Jacinto Lobo industria ingeniariak, energia trantsizioaz hitz egingo du.
Egun berean inauguratuko dute Beasaingo Igartzako jauregian Goierriko bailarako argitaratu gabeko argazki zaharrenak II erakusketa.
Eta azaroaren 24an, ostirala, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian, Goierriko ikertzaileak eta ekintzaileak izango dira. Lortek enpresako Maria Elzaurdi, Kaxolako Iker Markinez eta Biziolako Andoni Mikelarena izango dira hizlariak.
Matematikak argazkietara
Honekin batera, Matematika argazki lehiaketa martxan jarriko dute, hamargarrenez. Abenduaren 1era arte bidal daitezke argazkiak. Izen ematea eta argazkiak bidaltzeko, argizpi.fotogenius.es/ webgunean.