‘Ataunapp’ aplikazio berrituan bildu dituzte Ataungo udal eta herri komunikazio eta zerbitzu digitalak
Sakelako telefonoetarako aplikazioa berritu egin du Uhiin etxeak, udalaren eskariz, eta astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dute erabiltzaile berriek, doan. Kanpo komunikaziorako bezala, elkarteen barne erabilerarako ere balio du.
Ataungo Udalak berrituta aurkeztu du Ataunapp aplikazio informatikoa, sakelako telefonoetan instalatzeko tresna digitala. Duela lauzpabost urte atera zuten lehen bertsioa, eta hura sortu zuen Uhiin etxe berak garatu eta eguneratu du orain bigarrena, osatuagoa eta zerbitzu gehiagorekin.
Udalaren eta herriko eragileen nahiz herritarren artean komunikazio eta agenda funtzioak beteko ditu aplikazio berrituak, denen arteko «bidea modu eraginkor, labur eta gardenagoan egiteko», Aitzol Barandiaran zinegotziak gaur goizeko aurkezpenean aurreratu duenez.
Bi eremu nagusi bete nahi ditu udalak Ataunapp-ekin. Kanpo komunikazioaren alorrean, hiru tresna eskainiko ditu. Elkarteentzat, bestetik, barne komunikaziorako nahiz webgune propioaren pareko ere izango da.
Areto erreserbak ere bai
Uhiin etxeko Igor Egurenek eman ditu xehetasunak. Kanpo komunikaziorako, aplikazioaren horma nagusian udalaren zein eragileen argitalpenak kontsultatu ahalko dira, sare sozialen modura atonduak. Mezularitza arrunta eta jakinarazpenak jasotzeko aukera ere eskainiko du.
Ekitaldien agenda, horietarako sarrerak eskatzeko bidea, eta multimedia atala ere baditu, etorkizunean, ekitaldiak zuzenean emititzeko aukerarekin. Udal lokalen eta azpiegituren erreserbak ere egin daitezke, aplikazioaren bidez.
Elkarteek eurek sartu ahalko dute edukia. Argitalpenak eta agenda partikularra publikoki jartzeaz gain, maila pribatuan kideei edo beste eragileei informazioa helarazteko ere balio du.
Orain arte, Ataunapp aplikazioa 256 herritarrek erabili dutela azaldu du Barandiaranek. Erabilera handitzea da tresna berrituarekin helburua. Lehengo erabiltzaileek ez dute izena berriz eman beharrik, eta erabiltzaile-pasahitzak mantenduko zaizkie; gonbidapen bat jasoko dute, sistema eguneratzeko. Gainerakoek, aplikazioa deskargatu beharko dute, astelehenetik aurrera, IOS edo Android plataformetatik. Doan da.