Beasaingo odolki txapelketa larunbatean jokatuko da
Lehiaketan dozena bat odolkigile espero ditu Beasaingo Odolkiaren Kofradiak. 38. edizioa izango da aurtengoa. Jai giroa borobiltzeko azoka berezia, erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa eta argazki rallya izango dira, besteak beste.
Beasainen 38. odolki txapelketa eta dastaketa egingo dute larunbatean, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatuta. Odolkigile eta harakinek, ostiral arratsaldean, Bareak elkartean aurkeztu beharko dituzte lehiaketarako hestebeteak. Antolakuntzak dozena bat ekoizle espero ditu.
Beasaingo Olano harategiak odolkietan parekorik ez duela berresteko eguna izan daiteke. Txapelketa honetan, bederatzi txapela irabazi dituzte, bata bestearen segidan. Hamargarrenarekin borobilduko lukete etziko irabazle ateratzekotan.
Txapela nork jantziko duen erabakitzen, Leire Arandia Ordiziako D’Elikatuz zentroko arduraduna, Joaquin Benito blogaria, Gorka Rico Tolosako Ama jatetxeko sukaldaria eta Maite Eskarmendi kazetaria izango dira . Puntuazioak emateko kontutan hartuko dituzte itxura eta hestea, ebakidura, zaporea, usaina eta osagaien txikitze tamaina. 11:30ean hasiko dira ebaluaketarekin, eta 13:00etan jakinaraziko dute aurtengo irabazlea.
Bien bitartean, Beasaingo Odolki Kofradiaren postuan, odolki pintxoak, sagardoa eta ardoa izango dituzte, euro batean.
Azoka berezia
Odolki txapelketarekin batera, azoka berezia izango da, Nafarroa etorbidean. 35 inguru postu jarriko dituzte. Hileko lehenengo azoka bereziko ekoizleek ere parte hartuko dute bertan. Saltokietan, askotariko produktuak izango dituzte, hala nola, gozoak, eztia, ogia, frutak, barazkiak, babarrunak, eta nola ez, odolkiak. 10:00etan irekiko dituzte postuak.
Jaia borobiltzeko
Jai giroa osatzeko, Erraldoien II. Topaketa antolatu du larunbatean Ekaitz konpartsak. Beasaingo erraldoiek, Orereta, Gasteiz, Legazpi eta Txantreakoak izango dituzte lagun. Goiz eta arratsalde egingo dituzte irteerak eta dantzak. 11:00etan egingo dute goizeko bilkura, Loinazko San Martin plazan, eta 17:00etan errepikatuko dute.
Argizpi argazkilari elkarteak antolatutako argazki rallya ere jokatuko da. 09:00etan hasiko dira. Sari emate ekitaldia berriz, abenduaren 2an egingo dute.
Gainera, haurrentzako Troya kale antzerkia eskainiko du Kamikaz Kolektiboak. Erauskin plazan izango da, 18:30ean hasita. Eta bukatzeko, Zuttik elektrotxaranga, 19:30ak aldera, Erauskinen bertan.