Datorren osteguna da Errigoraren saskia eskuratzeko azken eguna
Errigoraren udazkeneko kanpainak '10 urte bete-bete' leloa du. Saskiak Nafarroa hegoaldean eta erdialdean ekoitzitako produktuak dakartza.
Duela pare bat asteetatik eskatu daiteke Errigoraren saskia online: errigora.eus. Astebete barru, azaroaren 9an, amaituko da saskia eskatzeko epea.
Azaroaren 20tik aurrera hasiko da banaketa. Goierriko herri gehienetan jaso daiteke: Ataunen (Troskaeta tabernan); Beasainen (Andramendi Ikastolan, Goiztira AEK-n eta Herri Dendan); Ezkion (udaletxean); Gabirian; Idiazabalen (Kaxintane taberna); Itsason (Alegi auzoan); Itsasondon; Lazkaon (JTK lokalean eta San Benito Ikastolan); Legazpin (Haztegi Ikastolan eta Lekanazpi Elkartean); Legorretan; Mutiloan; Ordizian (Argiberri elkartea, Goierri eskola, Goierriko Baratza, Goiztiri AEK-n eta Jakintza Ikastolan); Ormaiztegin (Autrigoi elkartea); Seguran (Segurako Errigoraren Gunean); Urretxun (Ederrena pilotalekuko tabernan eta Urretxu Zumarraga Ikastolan); Zaldibian (Joxepane tabernan); Zerainen, Zegaman eta Zumarragan (LAB Zumarragan eta Lanbroa belar dendan). Toki finkorik ez dagoen herrietan, guneko arduraduna jarriko da harremanetan.
Duela 10 urte jaio zen Errigora, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean ekoiztutako produktuak jaso eta Euskal Herrira zabaltzeko asmotan. Era berean, zonaldeko euskarari indarra emateko ekimena ere bada. Ordutik 130.000 saskitik gora bete dituzte. Aurtengoan 50 euroko saskia osatu dute, «originala, biribila eta biderka ezina». 23 ekoizleren bederatzi produktu ekologiko eta konbentzionalak ditu eta horietako bost produktu amankomunekoak dira: zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat.