«Etengabe aurrera begira bizi den herria izan nahi du Lazkaok»
Bigarren agintaldia du Lazkaoko alkate modura Kepa Zubiarrain Erauskinek (Lazkao, 1969). Lehengo bidearen jarraipentzat hartu ditu lau urteok. Proiektuak zerrendatu ditu.
Berriz ere alkate zara. Duela lau urtekoarekin alderatuta, pertsonalki zer alde sumatu duzu?
Puntu eta jarraia izan da niretzako. Udalaren antolaketa eta egitura barne-barnetik ezagutzeak, bigarren agintaldi honi indarguneak eta ahulguneak ondo identifikatuta hasteko balio izan dit, aurrez egindako bideari jarraipena emanez. Etenik gabe, hasitakoak amaitu eta proiektu berriak bultzatzeko ilusio eta indar berriarekin ekin diogu talde osoak.
Hauteskundeetako emaitzak oso pareko geratu dira aurten ere. Zer hausnarketa egiten duzu?
Beste behin, agerian geratu da, aurreikusten zen bezala, bi indarren arteko lehia oso estua izan dela Lazkaon. Oro har, gure inguruan eta Gipuzkoan izandako emaitzak kontuan hartuta, lazkaotarrek aurreko agintaldian egindako lana errekonozitu digutela esango nuke. Emaitzetan faktore askok hartzen dute parte, eta, ondorioz, irakurketa bera konplexua izaten bada ere, herritarrek lau urtean Lazkaoko Udalean egindako lanari onespena eman diote.
2023-2027 agintaldian, lehenengo zeri heltzeko asmoa duzue?
Ikastola eta parrokia arteko zubiari, eta kiroldegiko lanak amaitzeari. Eta, nola ez, proiektu berrietan buru-belarri sartuak gaude. Lazkaomendiko oinezko bidearen proiektuan urrats berriak egiten jarraituko dugu, Meandroko aisigunea, Zubizkitzako urbanizazioan fase berriak, auzoetako urbanizazio berritzeak, landa eremura azpiegiturak eraman eta berritzeak eta abar.
Lau urteotarako ekimen garrantzitsuenak zein izatea nahiko zenuke?
Agintaldirako Kudeaketa Plana idatzi dugu, eta hori izango da lazkaotarren aurrean agintaldi honetarako gure ibilbide-orria, gure konpromisoa. Jarduera ekonomikoa eta enpleguaren aldeko apustua egingo dugu berriro ere, Kanpandegi industrialdeari bultzada emanez. Negozio-ideia bat duten ekintzaileei beren enpresa-proiektua gauzatzen laguntzeko eta bultzatzeko, lan espazio eta gune partekatua egokitzeko asmoa dugu, Goiekiren eskutik. Bestalde, Lazkaon kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitu nahi dugu, eta horretarako Joxe Miel Barandiaran Kiroldegian handitze eta berritze lanak amaitu, txikienei begira jolas parkeak eguneratu, irisgarritasun hobekuntzak eta partaidetza prozesu baten bitartez, herriko kirol, aisi eta kultur eragileak bilduko dituen espazioa eta San Benito Ikastolaren ondoko kantxaren proiektuak landu nahi ditugu, besteak beste.
Kiroldegia aipatu duzu. Azken agintaldiko inbertsio handiena gauzatzen ari zarete. Fase gehiago izango al ditu?
Bai, fase berriak aurreikusten ditu proiektuak. Igerileku, aldagela eta sauna gune berriak sortuko dira fase honetan, eta lehentasunen eta beharren arabera, proiektua bere osotasunean gauzatzeko aukera izango da etorkizunean.
Lazkaomendira oinezko bidea egitearen asmoa zertan dago?
Lur zoruen jabeekin partekatu eta lantzen ari gara bidearen proiektua. Oinezko bidearekin batera, azpiegiturak ere berritu nahi dira. Taldeka zein bakarka bilerak izan ditugu auzotarrekin eta, jaso diren ekarpenak kontuan hartuta, proiektua osatzen ari gara. Lursailak eskuratzea da hurrengo urratsa.
HAPO hiri antolamenduko plangintza berritzeko prozedura hasi berri du udalak. Nolako Lazkao aurreikusi behar luke?
Etengabe aurrera begira bizi den herria izaten jarraitu nahi du Lazkaok, eta etorkizuneko herria marrazteko tresna da, hain zuzen ere, HAPO. Partehartze prozesu zabal baten bitartez, guztion artean egin beharreko ariketa da. Ahalik eta kontsentsu handiarenarekin onartu beharrekoa da, osoarekin posible ez bada. Izan ere, Lazkao, herri ordenatu, eroso eta jasangarri bat izateko oinarrizko dokumentua izango da HAPO berria.
«Negozio ideia bat duten ekintzaileen lan espazio partekatua egokituko dugu»
«Lazkaomendirako oinezko bidea egiteko lursailak eskuratzea da hurrengo urratsa»
Zein dira premia eta behar handienak gaur egun?
Herritar eta behar ezberdinei erantzuna emango dien etxebizitzak, gure herritarrek beren bizi proiektua Lazkaon egiteko aukera emateko. Herriko sarbide-irteerak erraztu eta erdigunean trafikoa murrizteko neurriak ere jaso behar dira. Bestalde, osasun zentroa handitzea ere beharrezkoa da, eta kirol ekipamenduak eguneratzeko aukerak ere aurreikusi, industria eta jarduera berriak erakartzeko guneak ahalbideratu eta Fundiciones Hiribarreneko gunearen errekuperazioa jaso beharko du HAPO berriak, besteak beste.
Harizti Haundi inguruan kirolgune bat aurreikusi zenuten EAJren hauteskunde programan. Hori gauzatuko da?
Harizti futbol zelaiaren eta Agauntza errekaren artean, aisi eta kirol gune bat aurreikusten dugu etorkizunari begira, eta horrela dago jasota programan, luzerako begirada batekin. Hori posible egiteko aukera jaso beharko luke HAPOak, hurrengo agintaldietan gauzatu dadin.
Politikoki, 2024ko ordenantza fiskala bi udal taldeek lanketa bateratu batekin adostuta onartu duzue. Hori izango da jarduteko modua? Nola daude harremanak bi taldeen artean?
Aurreko agintaldian adostasunak lortu ziren, eta espero dut honetan ere horrela izatea. Zailtasunak zailtasun, borondatea dagoenean, akordioak lortzea posible dela erakutsi dugu guztiok, eta 2024ko ordenantza fiskalen inguruko adostasuna horren adibide bat gehiago besterik ez da. Orain arte bezala, lankidetzarako eskuak zabalik izango ditu udal gobernuak Lazkaon.
Agintaldi hau zerena izatea nahiko zenuke? Zer lortuta bukatu nahiko zenuke?
Etorkizuneko Lazkao solidario, parekide eta euskaldun baten oinarriak ezarri ziren agintaldi bezala nahiko nuke gogoratzea 2023-2027koa. Inor atzean utzi gabe, inbertsioak eta kalitatezko zerbitzuak eskainiz, Lazkaok aurrera egin zueneko agintaldia.