Goierriko herri gehienetan antolatu dituzte autobusak Bilbora, etziko
Euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko, gutxienez hamasei herritatik joango dira goierritarrak garraio partekatuan. Udal askok atera dituzte adierazpenak.
Oldarraldiari paparra erakutsiko dio euskal gizarteak, etzi, Bilboko kaleetan. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu eta erakunde nahiz eragile ugarik babestu duten Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat manifestazioak sustengu handia izango duela aurreikusten da. Euskaldunan 17:00etan abiatuko da protesta martxa.
«Oldarraldi judizialari» aurre egitea da manifestazioaren helburua, Kontseiluaren idazkari nagusi Idurre Eskisabel beasaindarrak herenegun berretsi zuenez. «Azken urteetan euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak areagotzen joan dira, bai EAEn, bai Nafarroan. Sententzia hauen guztien jatorria botere judizialaren eskutik euskararen ofizialtasunaren berrinterpretaziotik dator, gaztelaniaren nagusitasuna zalantzan jar dezakeen edozein neurri Konstituzioaren kontrakotzat jotzen hasi direlarik epaileak», esan du Kontseiluak.
Milaka lagun espero dituzte Bilbon, euskararen aldeko azkenaldiko agerraldi jendetsuena izango dela esateraino. Ehunka herritar joango dira Goierritik ere, antolatutako autobusetan.
Adierazpenak eta babesak
Gutxienez, eskualdeko hamasei herritan osatuko dituzte autobusak. Izena emateko epea gaur amaituko da leku gehienetan, eta ondoren zehaztuko da zenbat beteko diren.
Ataun, Altzaga-Arama-Itsasondo, Beasain, Ezkio-Itsaso, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga-Urretxun, behintzat, antolatu dute garraio partekatua; zenbaitetan, autobus bat baino gehiago.
Aurreko asteetan, Goierriko udal askok onartu dituzte adierazpen instituzionalak. Udal Legearen garapenerako zenbait artikulu baliogabetu dituztenez auzitegiek, hein batean udalen gain geratu da larunbateko manifestazioaren babesletza. Alderdi politikoek ere bat egin dute; azken atxikimendua, atzo Legazpiko EAJk bidali zuena.