Goierriko turismo eskaintza ezagutzeko bisitak egin ditu Azahara Dominguez foru ordezkariak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Ordizia, Zegama eta Segura bisitatu ditu.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Goierriko turismo gune garrantzitsu batzuk bisitatu ditu gaur. Inguruko alkateekin eta tokiko turismo industriarekin lotutako hainbat ordezkarirekin bildu da.
Datozen asteetan egingo dituen eskualdetako bisitetako lehenengoa izan da. Bisiten helburua da turismoaren sektorearen lurralde osoko aukera eta beharrak ezagutzea. Ordizia, Zegama eta Segura bisitatu ditu. Ordizian hasi du Goierriko bisita, Goitur-en. Niko Osinalde eta Ion Ubide Goitur-eko ordezkariekin eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatearekin izan da, urteko ekintza plana ezagutzen.
Ondoren Zegamara joan da foru ordezkaria. Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa bisitatu du Iker Zubeldia alkatearekin, eta Segurara abiatu da gero. Seguran, Erdi Aroko hiribildua eta Done Jakue Bideko puntu garrantzitsuak ezagutu ditu, eta baita Ardixarra Etxea ere, Izarra Urdalleta alkatearekin. Amaitzeko, Ondarre gaztandegira joan dira, Eneko Goibururekin instalazioak bisitatzeko.