Lazkaoko gazte festak ostiralean eta larunbatean ospatuko dituzte
Antolakuntzan belaunaldi aldaketa egin dute, gazteagoak sartuta. Azaroaren 30eko greba orokor feministari keinu egingo diote. Kontzertua eta larunbateko bazkaria dira ekitaldi nagusiak.
Lazkaoko gazte asanbladak Gazte Festak ospatuko ditu, asteburu honetan. Aro berriko seigarren festak izango dira, eta antolakuntzan belaunaldi aldaketak eragindako txanda hartzea izan da. Gazte talde batek hartu dio orain utzi duten beste askoren lekua.
Sistemaren balantzan dantzan lelopean, bihar eta etzi (ostirala eta larunbata) garatuko da egitaraua. Azaroaren 30eko greba orokor feministari keinu bat eginda, «zaintza sistema publiko komunitarioranzko norabidean» kokatu dituzte gazte festak ere.
Kontzertuak eta otordua
Plazako pilotalekua bihurtuko da festaleku. Gaur muntatu dituzte txosna eta oholtza.
Bihar, ostirala, 20:00etan, euskal presoen eta iheslarien etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute lehenengo. 20:30ean, Jotake taldekoak taloak egiten hasiko dira. Gauean, 22:00etatik aurrera, bi disko jartzaile ariko dira: Set lehenbizi, Desi ta Presi gero.
Egitarau mardulagoa prestatu dute larunbaterako, eta Goierri osotik gazteak inguratzea espero dute. 13:00etan, poteo musikatuarekin hasiko dira, eta 14:30ean bazkaria egingo dute. 17:00etan jolasak, 19:00etan Elektrotxorongo taldea, eta gauerako, 20:00etatik aurrera, kontzertuak: Sheldon’s Brothers beasaindarra, Eire eta Nafarroa 1512.