Misterioa eta loa, Patxi Zubizarretaren azken lanean
Augustin Zubikarai 2022 beka irabazi zuen duela urtebete Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964). Gaur aurkeztu du 'Loak ezkutatzen duena' eleberria Donostiako Parte Zaharreko Elkar dendan.
“Insomnioari buruzko erreportaje bat balitz bezala hasten da kontakizuna, baina handik laster detektibe-nobela bat bihurtzean da, bere misterio, jazarpen eta guzti, funtsean gure gizartearen diagnostiko gordina egiteko; horrekin batera, amodiozko eleberri baten kutsua hartzen du, bere zita, sedukzio eta maite-jolasekin”. Hori da Patxi Zubizarretaren Loak ezkutatzen duena azken eleberriaren laburpena. Agustin Zubikarai 2022 beka irabazi zuen duela urtebete lanarekin, eta gaur aurkeztu du Donostiako Parte Zaharreko Elkar dendan, Xabier Mendiguren Elkar-eko editorearekin batera.
Freud-en esanekin hasi du Zubizarretak aurkezpena. “Esaten zuen pertsona bakoitzaren barruan pertsona arrotz bat dagoela eta bi hizkuntza erabiltzen dituela mintzatzeko: gaixotasunarena eta ametsarena”. Hortik abiatuta, loaren inguruko ikerketa ezak eragindako “negozio bideak” landu ditu, “pandemia berria delako insomnioarena”. Loari eskutik helduta, bizitzatik deskonektatzean ematen den misterio horren inguruan hasten da nobela, “gaueko hitzetan, sekretuen munduan”.
Olaberriko elizan
Pandemia garaian sortu zitzaion figura bat da protagonista: lotaratzailearena. “Izan daiteke pertsona bat insomnioaren laguntzaile?”. Figura horri tiraka aurkeztu zen Agustin Zubikarai bekara. Tartean, Goierriko ohitura zahar bat aipatu du inspirazio iturri gisa: Olaberriko elizan amesgaiztoak zituzten pertsonei ematen zitzaien oroigarri moduko bat. Ebanjelio zati bat latinez eta otoitz bat euskaraz idatzia izaten zuen paper zati bat zen, burukoaren azpian sartu eta lo ezaren kontra funtzionatzen omen zuena.
Hala, lotaratzailea protagonista nagusia izanik, nobela korala da, ahots ezberdinekin. Gasteizko koltxoi eta buruko denda batera joan da Petra, erreportaje bat egin behar duelako insomnioari buruz. Otsaila da eta elurra ari du. Kanpoan gizon harrigarri bat atzeman du, bizkar zain ohia dena. Dendatik atera da gizon bat, eta bizkar zaina atzetik joan zaio. Petrak bizkar zainari jarraituko dio, baina berak, aldi berean, ez daki liburuzaina den gizon bat atzetik joan zaiola.
Petraren ahotsa da nagusi, liburuzainaren ahotsarekin batera. Haiez gain, beste bost narratzaile daude, Zubizarretak azaldu duenez, “bost lekuko, lotaratzailearekin oheratu direnak eta geroztik lo egin dutenak”: minbiziaren azken tratamenduak jasotzen ari den emakumea, senarra suizidatu zaion emakumea, gauez Gasteizko eraikin misteriotsu batean zaintzaile lanak egiten dituena, Zaballako kartzelan negozio zikinengatik sartzear dagoen politikaria eta migratzaile bat.
Pertsonaien arteko korapilo eta drama artean, gizarte lokartu baten kritika ere egiten du. “Gizarte honetan lo nahi gaituzte, gizarte lokartua da gurea, eta hori bihurtzen da negozio hutsa enpresa farmazeutikoentzat”.
Literaturaren balioa
Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, nobela “harrigarria” da, “harrigarriki ondo idatzia” dagoena eta “irakurleentzako plazer iturri agorrezina” dena. “Kontatzen dituen gauzengatik eta kontatzeko moduagatik irakurlearekin jolas egiten du, drama eta pertsonaiekin, eta ustekabean harrapatzen zaitu bukaeraraino”. Eleberria, osorik, eskuz idatzi zuen, eta eskuizkribua erakutsi die gaur Elkar-era bertaratu direnei.
Hasi bezala, Freud-ekin bukatu du Zubizarretak aurkezpena, literaturaren balioa mahai gainean jarrita. “Joxean Agirre idazleak badu bere lanean Freud izeneko txakur bat, gauean askatzen zutena. Pertsona bakartiena gerturatzen zen, konpainia hori sentitzen zuten. Literatura horixe da, Freud izeneko txakur bat, eskura daukaguna laztan egiteko eta konpainia eskaintzen diguna”.