«Nire helburu bakarra ukondoari minik ez ematea da»
Ane Mintegi Del Olmok (Idiazabal, 2003) Wimbledon Junior txapelketa irabazi zuen 2021. urtean, baina handik gutxira ukondoko bi ebakuntza egin zizkioten. Urriaren hasieran itzuli da kantxetara.
Nondik sortu zitzaizun tenisarekiko afizioa?
Hasieran esku pilotan jokatzen nuen, baina taldeko neska bakarra nintzen, eta eskuak babesteko takoekin hasi behar genuen. Orduan erabaki genuen beste kirol bat probatu behar nuela, eta Donostiako Club de Tenis Ondarretara hasi nintzen joaten. Han tenisean hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan.
Zer momentutan hasten zara tenisa benetan serio hartzen?
Hamalau urterekin erabaki genuen Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joatea. Ez zen erabaki erraza izan, baina garbi nuen tenisean jokatu nahi nuela. Gogoko nuen kirolean aurrera egitea izan da beti asmoa.
Nola entrenatzen duzu?
Goizetan bi ordu tenisean eta beste bi ordu lan fisikoa egiten ditut, eta arratsaldean, egunaren arabera: ordu eta erdi tenisean edo lan fisikoa. Esfortzu eta sakrifizio ikaragarria dira. Egunean zehar ere gorputza zaindu egin behar da errendimendua handiagotzeko.
Ikasketak, zer moduz doaz?
Unibertsitatean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ari naiz ikasten.
Eta nola daramazu?
Garbi izan behar da tenisa kirol bat dela eta ez dakigula etorkizunean zer gerta daitekeen, beraz B plan bat beti izan behar da zerbait gertatuz gero. Ia bi urte egon naiz geldirik, eta garrantzitsua da beste plan bat izatea. Ondo antolatu behar da; arratsaldeetan libre dudanean lanak egiteko aprobetxatzen dut.
2021ean irabazi zenuen Wimbledon Junior txapelketa.
Egia esan ez nuen espero; Roland Garrosean nituen begiak, bertako lur harrotua egokiena baita niretzat, eta Wimbledonera disfrutatzera joan nintzen. Partidaz partida ondo sentitzen nintzen, eta erritmoa hartzen joan nintzen. Hala ere ez nuen batere presiorik, eta horrek ere asko lagundu zidan.
Titulu hura irabazi ostean, sentitu duzu presio gehiagorik?
Bai. Wimbledon bukatu eta jende asko atzetik nuen, elkarrizketa asko egin behar nituen… ‘Zerbait handia egin dut eta zerbait gehiago egin behar dut orain’, pentsatzen nuen nire baitan. Jendea zutaz galdezka aritzeak inpresioa egiten du, eta presioa nabaritzen da.
«Ia bi urte geldirik egon eta lehenengoan final bat jokatzea ikaragarria da»
Nolakoa izan da zure ibilbidea garaipen horretatik?
Wimbledon amaitu, eta urrian ukondoko minarekin hasi nintzen, eta azkenean ukondoko bi ebakuntza egin dizkidate: aurrenekoa iazko apirilean eta azaroan bestea. Aurten, urri hasieran hasi naiz jokatzen berriz ere.
Italian, ezta?
Bai, hori da.
Lesionatuta egon zarenean, nola entrenatu duzu?
Operatu ostean hilabete oso bat geldirik egon nintzen; immobilizatuta. Behin hori kenduta errehabilitazioarekin hasi nintzen mugimendu geldiak egiten. Ezin nuen hasieratik besoa ondo luzatu, beraz, poliki-poliki hasi nintzen. Egia da alderdi fisikoa ez galtzeko hankak bakarrik baziren ere entrenatzen nituela. Gero, otsailean, pilota bigun batekin hasi nintzen hogei minutu jokatzen. Puntu laranjarekin jarraitu nuen gero,eta azkenik puntu berdea duen pilotari ekin nion. Horrela normalerarte.
Zer moduzkoa izan da itzulera?
Ia bi urte geldirik egon eta lehenengoan final bat jokatzea ikaragarria da. Entrenamenduetan oso ondo sentitzen nintzen, baina finalera iristea oso zaila da.
Aurrera begira zer helburu dituzu?
Aurten ez daukagu txapelketarik helburu gisa; nire helburu bakarra ukondoari minik ez ematea da. Bi ebakuntza eginda pixkanaka joan behar gara, presarik gabe. Nire helburua orain bost edo sei txapelketa jokatzea da urte bukaerara arte, eta hurrengo urtean –ukondotik ondo banago behintzat–, tope jokatzeari ekingo diot.
Baduzu zelai edo txapelketa gustukorik?
Roland Garros, hori da nire zoru gustukoena, baina Wimbledon esango bazenit ere, baiezkoa esango nizuke.
Zaila da emakume kirolari izatea maila honetan?
Ez. Nik esango nuke azkenean berdintasuna bilatu behar dugula. Emakumezkoek ere aukera asko ditugu profesional izateko, beraz zuk kirol bat oso gogoko baduzu nik animatuko zaitut horrekin jarraitzea eta disfrutatzea hori bada benetan egin nahi duzuna. Tenisean profesional izateko aukera asko dago.