Udal tasek %2,7ko igoera orokorra izatea onartu dute osoko bilkuran
EAJk alde (9) bozkatu zuen eta EHBilduk (5), PSE-EEk (2) eta Elkarrekin Podemosek (1) aurka. Zaborren tasak %8ko igoera izango du «kostuei erantzuteko».
Beasaingo udalbatzak, urriko osoko bilkuran, 2024 urterako ordenantza fiskalen aldaketa onartu zuen, udal tasa eta zergen % 2,7ko igoera orokorra ekarriko duena. EAJren botoekin (9) onartu zen proposamena. EHBilduk (5), PSE-EEk (2) eta Elkarrekin Podemosek (1) aurka bozkatu zuten.
Gobernu taldeak azaldu zuenez, azken hiru urteetan, pandemia tarteko, EAEko KPIa (Kontsumoko Prezioen Indizea) % 15,5 igo bada ere, 2024rako azken urtean, hau da, 2022ko abuztutik 2023ko abuztura, izandako igoera (% 2,7) aplikatzea erabaki dute.
Zabor-tasari dagokionez, hori ere, 2020tik igo gabe zegoen. 2024 urtea hastearekin batera, ordea, % 8ko igotzea onartu dute. Horrela, zaborra biltzeko eta tratatzeko kostu osoaren % 97 estaliko dela argudiatu gobernu-taldeak.
Gainera tasa berriak sortu dira hirigintza kontsultak, lokal eta etxebizitzen segregazioak eta txakur arriskutsuen lizentziak izapidetzeagatik
Hobariak
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, %25eko hobaria izango du kilometroko 120 gramo CO2 baina gutxiago isurtzen duten matrikulatu berri dauden gasolina edo diesel erregaidun ibilgailuentzat. Gutxiago ordaindu beharko dute kilometroko 110 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen dutenen kasuan. Haientzat, %40ekoa izango da hobaria. Lau urtez emango da hobaria, betiere, ibilgailuaren lehenengo matrikulaziotik zenbatuta.
Bestalde, zabor eta ur tasentzako diru-laguntzak eskatzeko aukera gogorarazi du udal taldeak. Egoera zaurgarrian aurkitzen diren herritarrei zuzenduta daude.
Udal gobernuak egindako proposamenak EAJren (9) aldeko botoak eta EH Bilduren (5), PSE-EEren (2) eta Elkarrekin Podemosen (1) aurkako botoak jaso zituen.
Hurrengo 30 egunetan ez bada alegaziorik aurkezten, behin betiko onartuta geratuko dira 2014ko ordenantza fiskalak, eta urtarrilaren 1tik aurrera aplikatuko dira.
Stop etxegabetzeak
Stop Desahucios plataformak mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran, Beasain alokairu-merkatuaren prezio altuek tentsionatutako eremu izendatzeko eta Estatuko etxebizitza-legeak ezartzen dituen mugak gauzatzeko eskatzeko. Mozioa ez zen onartu, EAJ abstenitu egin zen eta gainontzeko alderdiek alde bozkatu zuten.
Bigarren mozio bat ere landu zuen udalbatzak, euskaren alde eta epaitegiek euskararen aurkako neurriak hartu izana salatzeko. EAJ eta EHBilduk aurkeztu zuten. EAJ (9), EHBildu (5) eta Elkarrekin Podemosek (1) alde bozkatu zuten eta PSE-EEk (2) kontra.
Osoko bilkuran onartutako beste proposamenen artean taxi zerbitzuaren 2024ko tarifak %2,7ko igotzea, eta diru-laguntzen arloan, Igartza Musika Beka emateko oinarriak onartu zituzten, biak aho batez.
Hilabeteko lehen larunbatean egiten den azoka berezia babesteko helburuarekin, 20 euroko bonuen proposamenak ere aurrera egin zuen, alderdi guztien aldeko botoekin