Olanok irabazi du beasaingo odolki lehiaketa, Isabel Imaz gogoan
Bigarren postuan Asteasuko Jabier Iraola sailkatu da, hirugarrenean Orioko Kepa Loidi eta laugarrenean Beasainmendiko Odolkiak
Gaur goizean Beasaingo odolki lehiaketaren 38. edizioa egin dute, kofradiak antolatuta. Urteroko moduan, jende asko elkartu da Gernika pasealekuko frontoi txikian, odolkia dastatzeko asmoz. Hamabi odolkigilek parte hartu dute eta 13:30ean irabazlearen izena eman dute. Beasaingo Olano harategia nagusitu da, hamargarren urtez jarraian. 17 aldiz irabazi du dagoeneko txapelketa hau. Baina aurtengoa berezia izan da. Izan ere, urrian Isabel Imaz hil zen. Bere seme Jose Manuelek eta bere erraina Loinazek gogoan izan dute saria jasotzeko orduan. Saria berari eskaini diote. “Bere bizia hau zen. Asko bizi zuen”, esan du Jose Manuel Olanok.
Bigarren postuan Asteasuko Jabier Iraola sailkatu da, hirugarrenean Orioko Kepa Loidi eta laugarrenean Beasainmendiko Odolkiak. Lau horiek izan dira finalistak. Beste zortzi odolkigilek ere parte hartu dute: Debaoko Aitola, Orioko Txarri Txiki, Zarauzko Gesalaga, Zaldibiako Beko, Donostiako Maialen, Beasain eta Ordiziako Mujika Anaiak, Asteasuko Joxe Mari Beldarrain eta Tolosako Muñagorri.
Haizeak lanak eman ditu eta Segurako talogileek ezin izan dute postua muntatu. Kofradiak ere arazoak izan ditu. Hasieran haizeak suak itzaldu ditu eta babestu egin behar izan dituzte.
Arratsaldean bi ekitaldi izango dira. Haurrentzako Troya kale antzerkia eskainiko du Kamikaz Kolektiboak. Erauskin plazan izango da, 18:30ean hasita. Eta bukatzeko, Zuttik elektrotxaranga, 19:30ak aldera, Erauskinen bertan.












