Barandiaran Beka 2024an arkeologia «berritasunetik» ikertzeko izango da
Bi urtean behin etnologiarekin txandatuta, ikerketa arkeologikoan oinarritutako proiektu irabazleak 10.000 euro jasoko du. Aholku batzordea sortu du fundazioak.
Barandiaran Fundazioaren aholku batzordea, urriaren 11n eratze bileran, Ataungo Sara etxean. // HITZA Azaroaren 30era arteko epea utzi du Barandiaran Fundazioak 2024ko beka deialdira proiektuak aurkezteko. Arkeologiaren esparrukoak izan behar dute ikerlanek, bi urtean behin etnologiarekin txandatzeko duen ohiturari segika, urte bikoitietan hala egokitzen baita.
Gaiaren «originaltasuna» balioetsiko dute bereziki: «Gaiaren berritasuna izango du gogoan bereziki epaimahaiak», diote bekaren oinarriek. Baina baita ikertzaile gazteak edo hasi berriak izatea ere: banaka edo talde txikietan aurkez ditzakete proiektuak, eta taldeko bat eskarmentu handiagokoa izan liteke.
Proiektu-aurrerapena txosten zehatz baten bidez aurkeztu beharko da (gasteiz@barandiaranfundazioa.eus), hil honen amaierarako: lanaren interesak, zabalera, ikerketa-epeak, metodologia, lan guneak, baliabideak eta gastuen aurrekontua zehaztu behar dira.
10.000 euroko diru saria
Epaimahaiak irabazletzat jotzen duen proiektua garatzeko urtebeteko epea edukiko dute ikertzaileek, 2024ko azaroaren 30era arte. Bien bitartean, tarteko bi txosten ere egin eta aurkeztu beharko dituzte. Abenduaren 31n jakinaraziko du fundazioak bekaduna zein den.
Aurten urteko beka-deialdian, etnologiari eskainitakoan, Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean proiektuak jaso zuen zuzkidura. Akaitz Sarasola lizartzarra eta Aintzane Kortajarena asteasuarra ari dira garatzen.
Aholku batzordea eratuta
Fundazioak zenbait berri utzi ditu 2023ko jardunaldian. Batetik, aholku batzordea eratu du. Urriaren 11n Ataungo Sara etxean elkartu ziren aholkulariak, bigarren bilera egiteko.
«Epe luzera Fundazioa bera indartzea» jarri dute helburu nagusitzat fundazioan; hala, aditu talde baten «bidelaguntza» izateko sortu du batzordea. «Fundazioaren estrategia orokorrean epe luzeko ikuspegia lantzen lagunduko du, horretarako, helburuak finkatuz eta estrategiaren kontrastean eraginez», azaldu du Barandiaran Fundazioak.
Patronatuak –hainbat erakundetako ordezkariek osatua da– proposatutako norbanakoekin eratu dute aholku batzordea. Lehenengo bilera uda aurretik egin zuten, telematikoki.
Patronatuak apirilaren hasieran egin zuen urteko lehen batzarra –bitan bildu ohi da–, iazko kontuak itxi eta aurtengo aurrekontua onartzeko.
Urteko beste berria EHUn sortutako Jose Migel Barandiaran Katedra martxa jarri izana da, martxoan. Jose Antonio Mujika beasaindarra da zuzendaria.













