«Udal sendoa dugu, erronkei aurre egiteko gaitasuna du»
Aurreko agintaldian zinegotzi izan ondoren, udal jarduna eta lana ez zaio arrotza egin Eric Galvezi (Legazpi, 1985), baina alkate izatea «beste kontu bat» dela dio, dedikazio «izugarria» eskatzen duelako.
Nolatan erabaki zenuen agintaldi honetan alkategai izatea?
Legazpiko EAJren Udal Uri Buru Batzarreko lehendakari nintzela, Koldobikek [Koldobike Olabide, aurreko alkatea] berriz ez aurkezteko erabakia hartu zuela jakinarazi zidan, eta gure barne hautaketa prozesua abiatu genuen. Lehenengo bileran, alderdikideek aurkeztera animatu ninduten. Aitortu behar dut une hartan ez zitzaidala burutik pasa ere egiten: aita izan behar nintzen, zuzentzen dudan enpresa dezente hazi zen… baina jaso nuen baldintzarik gabeko laguntzagatik, eta familiarekin hausnartu ondoren, pausoa ematea erabaki nuen. Nire hautagaitza aurkeztu eta EAJko afiliatu guztien boto bateratua jaso nuen. Ohore handia izan zen.
Alkatetza lortzeko PSEren botoak behar izan zenituzten. Zer gogoratzen duzu pleno haren aurreko egunez? Eta plenoaz?
Pertsona lasaia naiz. Egoerak umiltasunez eta zentzuarekin kudeatu behar direla uste dut. Horregatik, garaipenei eta porrotei dramatismorik gabe aurre egiten diet.
Hauteskundeen emaitzak aztertu ondoren eta EH Bildurekin zinegotzien berdinketa ikusita, jakin genuen PSErekin akordio batera iritsi behar ginela, funtsezkoa iruditzen zaidalako gobernu egonkor bat izatea. PSErekiko harremana oso errotuta zegoen azken bi agintaldien ondorioz, eta negoziazio logikoaren ondoren akordio batera iritsi ginen, Legazpiri egonkortasuna ekarriko dion gehiengo absolutua izateko aukera eman diguna. Osoko bilkurari dagokionez, ohore izugarria sentitu nuen, erantzukizunez betea.
Aurreko agintaldian zinegotzi eta alkateorde izanda, arrotza egin al zitzaizun alkatearen eserlekuan jartzea?
Uste nuen ezetz, Koldobike alkateak egiten zuen lana zuzenean ezagutzen nuelako, baina hau bizitzea beste kontu bat da. Bizitza aldatzen dizu. Egiten duzunaren erantzukizunaz, dedikazioaz eta eraginaz ez zara jabetzen bertan egon arte.
Zein da lehen ehun egun hauetako balantzea?
Ezin nuen imajinatu hain ona izango zenik. Osatu dugun taldea oso ondo funtzionatzen ari da. Doikuntza batzuk egin ditugu barne antolaketan, eta buru-belarri aritu gara gure parte hartze proiektuan herritarrei entzuten. Herritarrekin elkarlana egin nahi dugu, horregatik klub, auzotarren elkarte, elkarte sozial, kultural eta abarrekin bildu gara, haien lana hobeto ezagutzeko eta nola lagun diezaiekegun aztertzeko. Legazpi bizi eta dinamiko bat nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da herritarrekin harremanak estutzea.
Zein egoeratan zeuden udala eta Legazpi alkate hasi zinean?
Aurreko kudeaketaren parte izan nintzen, eta banekien egoera ekonomiko eta antolaketa on batekin aurkituko nintzela. Bide batez, Koldobike Olabidek alkate izan zen urteetan egindako lana eskertu nahi dut.
«Geroz eta adineko biztanleria handiagoa dugu, eta horrek erronkak planteatzen ditu»
«Dedikazioa izugarria den arren, benetan atsegina da. Ez zait bururatzen gehiago ase nezakeen kargu bat»
Eta legealdia amaitzean, nola utzi nahi duzu?
Legazpi biziago bat nahi dugu, parte hartzaileagoa, irisgarriagoa, bere herritarrak zaintzen dituen Legazpi bat, ingurunea errespetatzen duena… Erronka asko ditugu eta aurrera egiteko gogo handia. Garatu nahi dugun proiektua legegintzalditik harago doa, beraz, bidea hasi berri dugu.
Zeintzuk dira Legazpiren erronka nagusiak?
Hobeto bizi garenez, geroz eta adineko biztanleri handiagoa dugu, eta honek erronkak planteatzen ditu. Zaintza eskaerari erantzun behar diogu, eta horretarako, geroz eta baliabide gehiago bideratu behar ditugu. Baliabide horiek industriatik lortzen dira gehienbat, eta horregatik, gure enpresei lagundu behar diegu, bai hazten baita lehiakorragoak izaten ere. Eta nola ez, kultura, kirola, ingurumena, gure kaleak hobetzea, gazteen ongizatea, segurtasuna bermatzea… izango ditugu gure erronken artean.
Zeintzuk dira erronka horiei aurre egiteko lau urte hauetarako dituzuen plan nagusiak?
Ezkurrenea eta Sidenor industri partzela zena martxan jartzea, San Inazioko txabolei irtenbide bat ematea, gure kaleak irisgarriagoak egitea, kultura sustatzea, gimnasioa eta futbol zelaia bezalako kirol instalakuntzak hobetzea, dagoneko oso onak diren birziklapen tasak hobetzen jarraitzea, parte hartzea bultzatzea… Asko dira. Bestetik, ez dut aipatu gabe utzi nahi Hiri Antolaketako Plan Orokorra onartzea. Eta beste gai bat ere bai, hain agerikoa ez den arren, berebiziko garrantzia duena: erretiroa hartuko duten langile asko ditugu, eta plangintzan eta ezagutza transmititzeko moduan asmatu behar dugu.
Zertan ari zarete orain?
2024ko aurrekontuetarako lehen zirriborroa egin da. Legazpi Eraiki Dezagun proiektuan sartuta gaude, entzuketa eta parte hartze proiektu zabalago baten baitan dagoena. Gure auzokideekin, elkarteekin eta klubekin egotea funtsezkoa da guretzat.
Nolako erantzuna ari zarete jasotzen auzoetako bileretatik?
Bikaina. Herritarrek asko eskertzen digute entzute lan hori, eta guri, berriz, hainbeste pertsonekin zuzenean tratatzeak, hobetzeko puntu berriak detektatzeko balio digu.
Zeintzuk dira herritarren eskari nagusiak?
Egia esan, ariketa honekin egiaztatu ahal izan dugu jendea pozik dagoela, proposatzen diren hobekuntza gehienak erraz egin daitezkeelako, eta pixkanaka bideratuko ditugulako.
Nola dago udala ekonomikoki?
Udal sendoa dugu, eta erronkei aurre egiteko gaitasuna du, zerbitzuen eta materialen kostuak handitu diren arren. Horretarako, Legazpik inoiz izan duen aurrekonturik altuena izango duela aurreratu dezaket.
Gustura zaude karguan?
Bai, dedikazioa izugarria den arren, benetan atsegina da. Ez zait bururatzen gehiago ase nezakeen kargu bat. Gehien gustatzen zaidana behin baino gehiagotan hunkitu nauen jendearen maitasuna eta esker ona izan da. Eta gutxien gustatzen zaidana da nire alabari eta nire emazteari denbora gehiago eskaini ezin izatea. Emazteari beti eskertuko diot bere ulermena eta baldintzarik gabeko laguntza. Bera gabe ezingo nuke lan hau egin.
Eric Galvez «bokazioz» hasi zen politikagintzan, bere «harri koskorra» jarri nahi zuelako «jendea hobeto bizi dadin laguntzeko».
Gaztetan jabetu zen bokazio horretaz. «Nerabezarotik dezente bidaiatu dut, eta orduan konturatu nintzen Euskadin oso ondo bizi ginela: badugu lana, osasun ona, hezkuntza, segurtasuna… Hori guztia milaka pertsonen lan gogorrari esker duzula jabetzen zara, eta jakina, baita EAJri esker ere, azken 40 urteetako proiektu estrategikoak definitzen lortutako emaitza delako». Oso identifikatuta sentitzen zen «egiteko era horrekin, eredu horrekin»; horrek, eta bere «abertzale izaerak» egin zuten gainerakoa.
Eric Galvezek 23 urterekin eskatu zuen EAJko afiliazioa.