Zaldibiako plazaren diseinuaren ondorio andana aurkeztu dute
Pedagogikoki utzi duen onuraz gain, arkitektura sozialki beste era batera ikusteko balio izan du.
Zaldibiako plaza berria nolakoa izango den zehaztu du EHUko eta Innsbruckeko Unibertsitateko (Austria) arkitektura ikasle talde batek, Xotil Natke arkitekto eta irakasle zaldibiarrak gidatuta. Ertzetik erdira prozesuaren amaierako hitzaldia lehengo astean egin zuten, azken ondorioak eta diseinua erakusteko. «Emaitza asko» utzi ditu, eta pozik dira.
Batetik, eta lehenengo, ikasleei eurei ekarpen handia egin diela nabarmendu du. «Guk asko ikasi dugu proiektu eta esperimentu honetan. Oso esperimentala izan baita, gauza asko sartu direlako. Proiektu erreala da, udalak esana zuelako prozesu honetatik ateratzen zen emaitza eraikiko dela. Hori ikasleentzat berria da, eta inplikazio maila goratu du. Ulertu dute ez dela kaxoi batean geratuko, jendeak ikusiko duela. Pedagokikoki, egundoko balioa ematen dio horrek», azaldu du Natkek.
Herritar guztiek ikusi eta jarraitu dute, bestalde, prozesua. Horrek proiektua bera indartzen du, arkitektoaren iritzirako: «Zenbat lan eta ordu dagoen atzean ikusi dute, eta proiektuari konfiantza eman diote: gero eta jende gehiago azaltzen zen ikustera. Nire doktoretza tesia da nola lotu parte-hartzea arkitektura diseinuarekin eta unibertsitatearekin. Aurrerantzean, unibertsitean erakuts daiteke honelako proiektuek ikerketa lanen oinarri izateko balio dutela».
Plazaren beraren osagaiak
Baina helburu eta egiteko jakin bat ere bazeukaten: Zaldibiako plazan etorkizunean zer elementu, nolakoak, non eta norentzako behar diren zehaztea. «Helburua ez zen prozesua ona egitea, baizik emaitza, diseinua ahalik eta onena izatea. Emaitza da, azken finean, balio duena», aitortu du zuzendariak. Hala, diseinuari eman dio garrantzia.
Aspalditik Zaldibian eztabaidagai ziren gai asko bideratu dituzte prozesuan. «gutxieneko» batzuk adostu dira eragileekin eta herritarrekin batera, «aurrera erekin egin» jakiteko.
Esate baterako, plazan estalpe baten premia eta nolakoa behar zuen zen gako bat. «Eztabaida zen estalkiak finkoa edo malgua izan behar zuen. Lortu dugu bideratzea: egitura bera finkoa, baina ireki eta itxi litekeena proposatu dugu».
Beste puntu bat, errepidea itxiko den ala ez, aztertu dute. «Errepide izaera ezabatu eta aparkalekuak kendu ditugu. Lur zorua ez da izango leku batean errepidea eta beste batean plaza. Gehien bat gurasoen eskaria izan zen. Trafikoa itxi ala ez, horretan ez gara sartuko, baina kaleak plazaren izaera behar duela garbi geratu da».
Ibaira sarbidea
Karreane kultur etxe ondoan errekako uretara sarbide bat egitea ere planteatu dute, emaitzen artean. Eskailera batzuekin eta egoteko leku batekin, plazatik irisgarri eta eskuerara jarriko da. «Herriak urte askoan bizkarra eman dio errekari; historia berreskuratu nahian, sarbide bat diseinatu da, ertzean esertzeko eta umeek jolastu dezaketena».
Diseinua «sakon» utzi dute jorratuta. «altzariak ere diseinatuta daude, eta nola eraiki ere bai». Paisaia aldetik ere, landaretza, zuhaitzak eta «zenbat berde» behar den ere neurtu dute. Jasangarritasuna hobetu, eta orain «erabat zigilatuta» dagoen plaza berdeguneago izatea da xedea.
Emaitzak mahai gainean, egikaritzea izango da geroko lana. Udalak jaso du diseinu-proiektua, eta etorkizunean faseka edo zatika garatzea da asmoa.
Irudietan: prozesuaren argazkiak eta diseinuaren emaitza