'Ahaztutako paperak' bueltan da, kanpoan inor gera ez dadin
Idiazabalgo udal artxiboan gordetzen diren dokumentu zaharrak ezagutzeko bigarren bisita gidatuko du gaur Antonio Berasategik.
Gaur, azaroak 8, Antonio Berasategi idiazabaldar historialariak Ahaztutako paperak bisita gidatutako du bigarrengoz. Bertan, Idiazabalgo udal artxiboan gordetzen diren dokumentu zaharrak ezagutzeko aukera izango dute idiazabaldarrek. Urriaren 25ean egin zuten Ahaztutako paperak bisitaren hitzaldia, baina hainbat herritar kanpoan geratu zela ikusita, errepikatzea erabaki dute, eta gaur, 18:00etan, udal artxiboan egin dute hitzordua bisita azaltzeko.
Berasategik azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ondare jardunaldien barruko ekintza da, eta Idiazabalen herritarrei udal artxiboko dokumentuak partekatzea bururatu zitzaien. «Herritarren interesen araberako bilaketak egiten ditugu eta ondoren dokumentu horiek azaltzen dizkiet».
Gehienbat XVIII., XIV. eta XX. mendeko dokumentazioa dutela aipatu digu. «Bertako jendearentzat oso datu interesgarriak daude». Izan ere, jendeak herriko gauzak ezagutzeko nahia duela esan du, azkenean gertuko gauzak direlako, beraien etxeko edo familiako gorabeherak; batzuk aspaldikoak, baina beste batzuk ez hain urrutikoak.
Bilaketa honetan bitxikeria «asko» topatu dituztela baieztatu du. Horiek guztiak hitzaldian azalduko dituzte; esaterako, dokumentu batean hiletetan «gehiegikeriak» egiten zirela topatu dute, hau da, «janak, edanak eta horrelakoak».
«Gehienbat jendearen momentuko bizimodua nolakoa zen behatzeko balio du hitzaldi honek», nabarmendu du Berasategik.