Beasaingo San Migel klinikari buruzko lana ondu du Elizabeth Blardunik
'Beasaingo Paperak' bildumaren 31. alean jaso du Beasainen duela 40 urte itxi zen klinika honi buruzko ikerketa.
Beasaingo paperak bildumak herriko ondare kulturala aberasten jarraitzen du. Ale berria, 31.ena, Beasaingo San Migel Klinikari buruzkoa da. Elizabeth Blarduni Cardon autoreak ahalegin handia egin du, hamarkadatan udalerrian eta eskualdean erreferente izan zen klinika honi buruzko informazio ahalik eta zehatzena biltzeko. Lanak bukatuta, astearte arratsaldean egin zuten aurkezpena, Igartza jauregia lepo zegoela. Izan ere, eta Leire Artola alkateak berak oina jarriz esan zuen moduan, «Beasaingo paperak bildumaren ale honek zoriontasunean jartzen du fokua, asko eta asko baitira bertan jaiotakoak, eta goierritarren eta beasaindarren oroitzapenak biltzen ditu».
Elizabeth Blarduni, ale berriaren egilea, Argentinan jaio zen baina oso gazte etorri zen Euskal Herrira, Goierrira, eta San Migel klinikan lan egin zuen. Aurkezpenean, emozioa zerion: «Nork esango lidake niri, hasi nintzenean honaino iritsiko nintzela…Oso-oso pozik nago!», zuzendu zen berarentzat aurpegi ezagunez betetako aretora. Lankide izandakoak, lagunak, eta bere paziente izandakoak ere betetzen zituzten Igartzako eserlekuak, zutik geratu behar izan zuten beste askoren artean.
Berrogei urte itxi zela
Berrogei urte bete dira aurten Beasaingo San Migel klinika itxi zela. N1 errepide ondoan zegoen, gaur egun Eder altzariak enpresak okupatzen duen toki berean zegoen. San Migel klinika beti egon izan da Goierri eskualdeko oroimen kolektiboan, baina itxi zutenetik, hain justu Zumarragako ospitalea ireki zuten urte berean, ahaztu egin zuten askok. Osasun zentro bezala 50 urte baino gehiago egon zen herritarren zerbitzura.
Blarduni, 1978an iritsi zen bertara. «Jakin minez eta kezkaz beteta nentorren, ez soilik arlo profesionalean, baita arlo pertsonalean ere, eta esperotakoa gainditu zuen bertan izandako esperientziak». San Migel Klinikak, «pediatra eta haurtzain izateko aukera» eman ziola aitortu zuen.
Bertara iritsi zen lehen momentutik, arlo profesionalaz harago, beste kezka batzuk ere piztu zitzaizkion, osasun erakunde bihurtutako etxe horren jatorriari buruz, besteak beste.
Liburu hau egitea beraz, «aukera bikaina» izan dela adierazi zuen, «ohore bat». Klinikaren jatorriaz, historiaz, eraikinaz, bertako langile komunitateaz, eta jardunaz mintzo da liburuan luze eta zabal. Dokumentazio lan handia egin behar izan du, eta lan horretan bidaide izan duen Marixol Alkaiagari «eskerrak» emateko ere baliatu zuen hitzartzea Blardunik. «Eskerrak ere hau posible egin duzuen denei», borobildu zuen.
Non erosi
Bilduma honen azken liburuaren aleren bat eskuratu nahi dutenek, Mirentxu liburu dendan eta Ion Aranburu kioskoan, Beasainen, erosi ahalko dute, 10 euroren truke.