Unai Llorenteren Biovask proiektuak irabazi du Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien sariketa
Biovask proiektuak tenebrio intsektuak hazi eta merkaturatzen ditu, animali pentsuak ordezkatzeko helburuarekin. Biok Zerbitzua E.M., Aitzkorpe kafetegia eta Silver Muin Box taldea ere saritu dituzte.
Unai Llorenteren Biovask proiektuak irabazi du Enpresa Ekimen Berrien 26. sariketa. 6.000 euroko saria jaso du. Biovask tenebrio intsektuak edo irin-harrak hazi eta merkaturatzean oinarritzen da, egungo animali batzuen pentsuak ordezkatzeko. Intsektutik lortutako elikagaia animalientzako proteina handikoa baita. Gaur goizean egin dute sari banaketa, Amporen egoitzan.
Maialen Sanchez Goieki Goierriko Garapen Agentziako ekintzailetza arduradunak Llorenteri saria banatzeko arrazoia proiektuarekiko duen konpromisoa eta dedikazioa izan dela esan du. Ekonomia zirkularra eta sostengarritasuna islatzen dituela gaineratu du. Llorentek, bestalde, “harro” eta “pozik” jaso du saria. Kontatu du urteak zeramatzala proiektuarekin buruan, baina serio abendutik daramala. Sariari esker proiektuarekin jarraitzeko gogo gehiago dituela eta konfiantza lortu duela aitortu du.
Kontzientzia piztu nahi du: “gure munduaz eta ingurumenaz kezkatu behar dugu. Gainera, soja bezalako proteina-erauzketako metodo tradizionalek ez dute ingurumena errespetatzen; izan ere, Amazoniako basoak deforestatzearen arrazoi nagusia dira, eta hura ordezkatzeko produktuak bilatu behar dugu”.
Enpresan burutiko proiektu berritzaile onena Biok Zerbitzua Elkarte Mugatuarentzat izan da. 2.000 euroko saria jaso dute. Hauek barne ekintzailetza produktua sortu dute eta eraldaketa “handia” egin dute digitalizazioan. Azaldu dutenez produktu digital honek, bezeroari bere informazioa denbora errealean ikustea ahalbideratuko dio.
Hirugarren kategorian, ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onena Aitzkorpe kafetegiak lortu du. Ana Corduneanu da Zegamako negozioaren arduraduna eta 2.000 euroko saria jaso du. Kategoria honetan lan munduan zailtasunak dituzten pertsonak egin beharreko lana baloratu dute, ekintzailetasunaren bitartez euren lan postua sortzen dutenak. «Zegaman tabernarik gabe gelditu ginen eta nik, orain, pintxo-potea eta guzti jarri dut».
Laugarren eta azken saria gazteei bideratutakoa da. Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan ekintzailetza sustatzeko asmotan sortu zuten. Enpresekin elkarlanean jardun dute, eta lau proiektu aurkeztu dira. Horien artean, Silver Muin Box taldea saritu du epaimahaiak. Ezintasunak dituzten pertsonentzat sortuta dauden euskarrien infantilizazioa ekiditea dute helburu.
Bokazioa eta familia
Enpresa Ekimen Berrien 26. sariketa Idiazabalera lekualdatu da aurtengoan. Bertan bildu dira Goiekiko ekimenaren babesle guztiak. Sanchez Goiekiren izenean esker oneko hitzak izan ditu guztientzat: «eskerrik asko. Ez ekonomikoki bakarrik, jasotzen dugun babesarengatik baizik. Gainera, epaimahaiaren parte ere bazarete». Sanchezek esan du egungo errealitatera egokitzeko produktuak behar direla, eta azken finean errazena enpresa sortzea dela, nahiz eta gero hori mantendu egin behar den. Gainera, azpimarratu du horrelako lehiaketetan jasotako sariek merkatuan izena lortzeko balio dutela.
Sariketaren aurretik, 09:00etan, hitzaldia eman dute Ane Mintegi kirolari profesionalak; Leire Colomok, AMPO I+G saileko arduradunak; eta Alicia Risueñok, Geolaneko bazkideak. Beraien ofizioen inguruan jardun dute. Norberaren bokazioa txiki-txikitatik sustatu behar dela uste dute, nahiz eta ibilbideak ezberdinak izan. Familiaren garrantzia ere azpimarratu dute, haientzat gako garrantzitsua izan direlako ibilbidean zehar.