Kafe kapsulak jasotzeko 67 edukiontzi jarriko dituzte Sasieta mankomunitateko udalerrietan
Aluminiozko eta plastikozko kapsulak onartzen dira, eta jasotakoarekin hiri altzariak egiteko materiala sortuko dute.
Kafe kapsulak jasotzeko edukiontziak jartzen hasi dira Sasieta mankomunitateko udalerrietan. Horri buruzko xehetasun guztiak eman dituzte gaur Leire Artola mankomunitateko lehendakariak eta Enrike Enparantza Sasietako ingurumen teknikariak. Dagoeneko erabilgarri daude.
Izan ere, kafea da munduan gehien kontsumitzen den produktuetako bat. Urteak igaro ahala, kontsumo formatua aldatuz joan da, baina ez beti formatu iraunkor baterantz. Gaur egun, oso ohikoa da kafea kapsuletan kontsumitzea, eta protagonismo handia hartu du etxean, kafetegietan edota elkarte gastronomikoetan sortzen diren hondakinen artean.
Hemendik aurrera, bi ordezkariek azaldu dutenez, mankomunitateko 22 udalerrietako herritarrek erabilitako kafe-kapsulak birziklatu ahal izango dituzte erabilitako olio eta arropa zaharren edukiontzien ondoan jarriko diren 67 edukiontzien bidez. Eman dituzten gomendioak dira, kafe kapsulak “solte” bota behar direla, eta “aluminiozkoak eta plastikozkoak, biak onartzen dira”. Konpostagarriak direnak, “edukiontzi marroian” botatzea eskatu dute.
Kafe kapsulak edukiontzira bota ondoren, “txikitu” egiten dira. “Kafea ongarria egiteko erabiliko da, eta plastikoarekin eta aluminioarekin, edukiontziak edo hiri altzariak egiteko material bat aterako da”, Enparantzak azaldu duenez.
Betiko eran “hobe”
Zalantzarik ez izateko, etxe guztietara esku-orriak iritsiko dira hurrengo egunetan.
Pauso hau emanda ere, Enparanzak nabarmendu du, “ondo dago kafe-kapsulak bereiztea ondoren birziklatzeko, baina gure gomendioa da kafea ohiko erara egitea, hau da, kafetera edo lapikoa erabiliz. Modu horretan, nahiz eta hondakina sortuko dugun (kafea bera), beti ere gutxiago izango da, kapsula aurreztuko dugulako”.