Suhar, nortasun goierritarreko korua munduari kantari
Tolosako 54. Abesbatza Lehiaketan erabateko arrakasta lortu duen Suhar gizonezko ahotsen koruan bi goierritar dabiltza. 2024ko Europako Txapelketara joateko txartela lortu dute. Xabier Sarasola beasaindarrak konposatutako abesti bat saritu diete.
Aurreikuspen eta marka guztiak gainditu ditu Suhar abesbatzak Tolosako 54. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan. Jaso daitezkeen sari eta loria guztiak jaso zituen, lehengo igandeko itxiera ekitaldian. Azaroaren 1etik 5era garatu zen Tolosako lehiaketa entzutetsua, eta nazioarteko koruen artetik, euskal partaide bakarrak, Suhar koruak, goratu du ahotsa.
Hainbat tokitako abeslariekin 2018ko udazkenean eratu zuten Suhar. Esteban Urtzelai oñatiarra du zuzendari, eta Tolosan Amaia Zipitriak lagundu zion koruari pianoarekin. Abeslari taldean dira Xabier Barriola gabiriarra eta Ander Sarriegi beasaindarra.
Tolosan, bost sari eskuratu ditu Suharrek. Txapelketaren irabazle gisa aitortzen duen Kutxa Sari Nagusia, eta polifonia eta folklore ataletako bakoitzean lehenengo postuak. Horrez gain, publikoaren herri saria ere Suharrek jaso du, eta baita euskal obra baten interpretazio onenaren saria ere. Hain justu, azken aitortza hori merezi izateko, Xabier Sarasola musikari, koru zuzendari eta konposatzaile beasaindarraren Ipar haize hotz zuria obra interpretatu zuen Suharrek. Sarasola bera zen, gainera, epaimahaiaren buru.
Tolosako garaipen arranditsuaz gain –nazioarteko ospea eta garrantzia du–, Suharrek Europako Abesbatza Lehiaketara joateko txartela ere poltsikoratu du. Varna hirian (Bulgaria) jokatuko da, 2024ko irailaren erdialdean.
Lehiaketa eta Suhar, barrutik
Xabier Barriolak aletu ditu Tolosako lehiaketak suposatu duena eta Suhar abesbatzak lantzen duena. Aurten, Goierrin bi kontzertutan gozatu ahal izan da Suharren lanaz. Irailaren 10ean Ormaiztegiko San Andres elizan kantatu zuten, eta urriaren 28an Lazkaoko Areria antzokian, jada Tolosarako azken doiketetan zirela.
Sarasolak konposatutako Ipar haize hotz zuria abestiaz, zera esan du Barriolak: “Zoragarria da abestia, barruraino iristen dena. Guk batzuetan normaltzat hartzen dugu abesti bat, askotan kantatu eta entzun izan dugulako; baina kantatu genuen bezala, jende askori iritsi zaio barruraino. Herriaren saria jasotzerakoan kantatu genuen Goizeko izarra abestean ere kuriosoa da gertatu zena: epaimahaiko bi emozioarekin erdi negarrez jarri zirela esan zigun Sarasolak”.
Tolosako emaitzaren irakurketa egiterakoan, egindako lanaren ondorio zuzena dela ulertzen du kantariak. “Tolosara joan ginen pentsatuz sariren bat aterako genuela, baina han zegoen maila ikusitakoan, apur bat ezkortu ginen. Herriaren saria erraz antzean ikusten genuen, gure saioak lepo bete zirelako, beste batzuk ez bezala. Kontsolamendu bezala ulertu zitekeen hori jasotzea agian, baina bost sariak, denak guk jaso ditugu. Lehenengo aldiz gertatu da hori. Gainera, gertatu den moduan: Xabier Sarasolak esan zigun ez duela ezagutulehen saritutik bigarrenera hainbesteko aldea izan den urterik. Horrek esan nahi du oso sari kontundentea izan dela, garbia. Ez da zesiorik izan”.
Suharren indarguneetako bat “ekipoa” dela aitortu du Barriolak. Ibilbide oparoko eta aipagarriko zuzendariaren eskuetan dago, Esteban Urtzelairen gidaritzapean. “Zuzendaria eta Amaia Zipitria pianista, elkarrekin oso ondo moldatzen dira, eta oso onak dira, gainera. Apartak dira”.
Europara zuzenean
Europako Txapelketarako txartela lortu dute, bestetik. Bulgariako Varnara joango dira Suharrekoak, 2024ko irailean. Ikusmina piztu da dagoeneko, musika koralaren esparruan, han elkartuko diren taldeen inguruan. Mariborren (Eslovenia) apirilean jokatu zen 17. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan, adibidez, lehen saria lortu zuen Stockholmeko (Suedia) Zero8 koru profesionalak eta bigarren geratu zen Suharrek elkar ikusiko dute berriro. “Mariborren epaimahaian egon zen batek esaten digu ordutik hona alde handia egin dugula, eta irrikaz dagoela jada Varnako lehiaketa ikusteko”, dio Barriolak.
Mundua zabalagoa da, hala ere. Baita koruen mundutxoa ere. Asia da, gaur egun, beste talentu-sortzaile eta sehaska indartsuena, eta harako ateak ireki dizkio Tolosako arrakastak Suharri. “Horrelako arrakasta izan eta gero, proposamen gehiago izango ditugu. Txinatik ere iritsi zaigu bat. Mundua Europa dela iruditzen zaigu europarroi. Tolosakoa Europa mailako sariketa da gehiago. Asian, Landarbaso etorri da sari batzuekin”.
Koru nahiko gaztea da Suhar, bost urte bete berria, eta mundurako jauzi hori izango du orain erronka. “Ekonomikoki ez da hain erraza diru laguntzak bilatzea”. Dohainak eta musika badituzte, soberan.