Azoka eta mondejua Ataungo jaietako igande goizean
Azoka eta mondejua izan dira protagonista Ataungo San Martin Jaietako igande goizean. XII. Ataungo Mondeju Beltzaren lehiaketa egin dute eta Mikel Moreak irabazi du.
Ataunen San Martin Jaiak iritsi dira azken egunera, iritsi da agur esateko eguna, baina goizean, oraindik, jai-giroa izan da nagusi Ataungo San Martin auzoan. Artisau eta sortzaileen azoka egin dute. Bertan, produktu desberdin ugari topatu ahal izan dituzte bertaratu direnek, adibidez, eskuz egindako arropa zein osagarriak, bitxiak, marrazkiak, koadroak, dekorazioko elementuak… bertako zein kanpoko sortzaile desberdinak izan dira bertan eta aipatu dutenaren arabera, orokorrean, goiz osoan zehar «giro ona» izan dute eta salmentak «ondo» joan dira.
XII.Ataungo Mondeju Beltzaren lehiaketa
Ataunen badute berezitasun bat mondejuak egiterakoan. Ezagunena mondeju txuria izan arren, Ataunen mondeju beltza da ezaguna eta berezia. Herritar desberdinek hartu dute parte lehiaketan aurten ere eta epaimahaia ere herrikoa izan da. Bestalde, Ataunen ohitura zahartzat duten jaki honen inguruan jakintza ugari duen herritar bat izendatu dute aurtengo Ataungo Mondeju Beltzaren laguna. Gainera, epaimahai kidea izan da aurtengo edizioan ere. Mikel Morea izan da aurtengo mondeju lehiaketako irabazlea.
Arratsaldean jaiei agurra
Gaur arratsaldean amaituko dira Ataungo San Martin auzoko jaiak. Ataundarrek, ohi bezala, dantzan eta kantuan emango diote amaiera aurten ere festari. Otsoak Dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du eta ondoren, bertso-saioa izango dute. Hala ere, guztia ez da jaia eta parranda. Biboletak Ataungo Emakume Taldeak dantza eta bertso emanaldien tarteko denbora horretan kontzentrazioa deitu du duela egun batzuk gertatutako haur baten erailketa salatzeko asmoz eta bertara gerturatzeko deia egin dute haien sare sozialetan.













