Mugikortasun jasangarriaren hirien Civitas sarean sartu da Beasain
Europar Batzordeak sustaturiko programa bat da Civitas ekimena eta mugikortasun eta hiri eredu jasangarrien aldeko ekimenak saretzea eta bultzatzea du helburu.
Beasain Europar Batzordearen mugikortasun eta hiri eredu jasangarrien aldeko ekimenak saretu eta bultzatzeko helburu duen Civitas hiri-sarera batu da. Sare honek, klima krisiari aurre egiteko, mugikortasuna deskarbonizazioaren erdigunean jartzeko konpromiso politikoa sustatzen du. Iberiar penintsularako 2023an osatu berri den sarearen topaketan parte hartu du Beasaingo Udalak, Sevillan, udal mailako neurrien eta egitasmoen inguruko azalpenak emateko.
Urriko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak Civitas adierazpena. Honela, europar programa honetara batzen den Euskal Autonomia Erkidegoko bosgarren udalerria da Beasain, hiru hiriburuen eta Irunen ondoren.
%73a, mugikortasunetik
Beasainen kasuan, isurtzen diren berotegi efektuko gasen %73 zuzenean mugikortasunarekin lotuta daude, alegia, ibilgailu pribatuaren gehiegizko erabilerarekin. 2023an Udalak osatu duen Energia eta Klima Aldaketaren Aurkako planarekin bat, beasaindarrok
Horren aurrean, 2023-2027 legealdirako lehentasunezko gaia da «mugikortasun jasangarria ahalbidetuko duten azpiegiturak bultzatzea eta mugikortasun ohituretan aldaketarako pedagogia ekintzak martxan jartzea».
Civitas sarean sartuta, ondorengo helburuak heltzeko konpromisoa hartu du Beasaingo Udalak: Garraiobide jasangarrien banaketa modala handitzea lortzea; mugikortasun aktiboa eta partekatua handitzea; hiri jasangarritasunaren politikak garatzeko beste hiri batzuekin elkarlanean aritzea; eta guzti honetarako metodo integratu bat jarraitzea.