Emakume migratzaileek igerian ikasteko ekimena jarriko dute abian Ordizian
Jatorri ezberdinetako hemezortzi emakumek eman dute izena. Azaroaren 17an hasiko da programa. Ordizian jarri dute martxan lehenengo aldiz ekimena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ordiziako Udalarekin lankidetzan, emakume migratzaileek igerian ikasteko proba pilotu bat jarriko du martxan, Ordizian, ondoren beste herri batzuetara zabaltzeko asmoarekin. Gaur egin dute ekimenaren aurkezpena udaletxeko batzar aretoan. Azaroaren 17an hasiko da programa. Astelehenetan eta ostiraletan egingo dituzte saioak igerilekuan. Jatorri ezberdinetako hemezortzi emakumek eman dute izena.
Ordiziako inmigrazio tasa Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko altuena delako aukeratu dute Ordizia ekimena abian jartzeko, Oihana Zunzunegi aldundiko kirol zerbitzuko teknikariak azaldu duenez. “Ezinbestekotzat” jo du ekimena abian jarri ahal izateko egindako “sare lana”: “Giza talde ezberdinak elkartu behar dira inklusioa lortzeko. Aniztasun langilearekin lan egin dugu, bestela ez ginateke haiengana iritsiko. Guk aurrerapausoa eman behar dugu hurbilketa horretan”.
Emakume migratzaileek izan ditzaketen ezaugarri sozioekonomikoak kontuan hartuta, “erronka” bat bezala planteatu dute. “Adibidez, paperik ez badute, zailtasunak dituzte parte hartzeko, ez badute kontu korronterik, edo burkinia ezin badute erabili… inklusioa eta berdintasun errealak lortzeko guk sortu behar ditugu zubiak”. Horregatik, parte-hartzea errazteko ezaugarriak izango dituzte saioek: emakumeez osatutako taldea izango da, begiralea barne, hasieratik izango dute laguntza eta gidaritza, eta burkinia erabiltzeko aukera izango dute.
Bide horretan, etorkinek bertako jardueretan parte hartzeko aukerak zabaldu eta erraztu nahi dituzte, eta bertan jaiotakoek beste kultura eta ohiturei buruz ikas dezaten. Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren barruko ekimena da, Marta Pastor aldundiko kirol zuzendariren hitzetan, “emakumeen arteko sareak ehuntzeko martxan jarri” zena.
Ur-kirolaren erronka
Kirolak hainbat diziplina barnebiltzen ditu, baina uretako kirol bat zehaztea erabaki dute, Ainara Ormaetxea Ordiziako migrazio eta aniztasun langile eta Ordizia Koloreko kideak azaldu bezala, horrek ekarri ditzakeen zailtasunekin. “Urari beldurra, edo gorputzaren esposizioa espazio publiko batean…izena eman duten emakume gehienek ez dakite igeri egiten eta aitortu behar diegu erronka handia dela”, azaldu du. Hainbat jatorritako hemezortzi emakumek eman dute izena oraingoz, tartean, Marokokoak, Boliviakoak, Pakistangoak, Nepalekoak, Ukrainiakoak edota Saharakoak. “Denak gogotsu daude, motibatuta”.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak kirolak “jendearen arteko harremanak sendotzeko” duen “garrantzia eta potentzialitatea” azpimarratu ditu. Ziur dago “onurak ekarriko” dituela ekimenak. “Integraziorako lan tresna da. Izugarri pozten gaitu horrelako ekimen bat Ordizian abian jartzeak. Horrelako ekimen asko falta zaizkigula iruditzen zait, eskerrik asko Ordizia aukeratzeagatik”.
Ekimenaren inguruko informaziorako, edo izena emateko, Ordiziako Udalarekin edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zerbitzuekin jarri daitezke harremanetan interesa dutenek.