Tutoretzapeko nerabeentzako izeba osaben bila Seguran
Izeba proiektuak familia babesa eman nahi die tutoretzapean dauden nerabeei. Gaur, 18:30ean, Segurako kultur etxean Izeba Proiektuaren aurkezpena izango da.
Gaur, Seguran, Izeba proiektua azalduko dute. Tutoretzapean dauden nerabeak familia babesa lortzeko proiektua da. Horretarako, osaba izeba gehiago behar dituzte. Aurkezpenean, familia eta nerabeen testigantzak ere partekatuko dituzte.
Kristina Soarez eta Maite Aseginolaza dira Izeba proiektuko kudeatzaileak. Beraien ardura da familia eta haurren arteko loturak eta jarraipenak egitea. Horretaz gain, jardunaldiak eta formazioak ere antolatzen dituzte.
Izeba proiektua
2008. urtean sortu zen proiektuaren ideia, une horretan momentura arte gizartean ez zegoen egoera berri bat eman zela adierazi du Aseginolazak. Gipuzkoako probintzian nerabe mutil asko etortzen hasi ziren Afrikako iparraldetik. «Egoera oso ezezaguna zen, bakarrik zeuden nerabeak hona etortzea; ez geunden prest ez instituzionalki ez sozialki egoera horri aurre egiteko. Alarma sozial horren aurrean, elkarketak egitea pentsatu genuen, bertakoak atzerritik etorritakoekin, begietara begiratu eta haien testigantzak entzuten dituzunean, aurreiritziak erori egiten direlako». Dagoeneko 300 familia/norbanakok baino gehiagok parte hartu dute, izan ere, 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake.
Nerabeak aldundiaren tutoretzapean daude. Gauza praktikoetan eta kultura anitzen aurrean, mundu ikuskeran laguntzen omen du familiak, era honetan, nerabea gizarteratuz. «Ez da harrera etxe bat, guk babes familia bat eskaintzen dugu, hemen ere, familiako norbaiten babesa senti dezaten». Nerabe horientzat pertsona- edo talde-bat erreferente izatea da gakoa, izeba edo osaba baten rola izatea.
Familia goxotasun horretan maiz planak egiten dituztela aipatu du Aseginolazak. Familia bakoitzak bere harremana eraikitzen duela, boluntarioen eta nerabeen interesen arabera.
«Adinez nagusikoak direnean proiektua amaitzen da, 18 urterekin emantzipazioa tokatzen zaielako. Momentu horietan horrelako helduleku bat izatea oso garrantzitsua da haientzat, harremana ez baita une horretan amaitzen. Intentzioa epe luzeko harremanak eraikitzea da».
Azaro Morea
Izeba proiektuaren aurkezpena Segurako Azaro Morea kultur agendaren parte da. Kultura Sailetik adierazi dute aurreko hilabetetik daramatela dinamika honekin eta datozen hilabeteetara begira ere, hilabete osoko agenda aterako dutela. Hilabete honetan, kolore morea eman nahi izan diete, indarkeria matxistaren aurkako eguna dela medio, baina ekitaldi guztiek ez dute egunarekin lotura esturik izango. «Hilabete hasieran agenda bat publikatuko dugu, agenda bateratura bat. Herri mailan antolatzen diren ekitaldi guztiak bildu eta herritarrekin partekatzeko. Begirada batean hilabeteko agenda antolatu dezaten, ekitaldiek haien artean teilakatu gabe».
Ostegunean izango da kultur agendaren hurrengo ekitaldia: 19:30ean, Idoia Garde nutrizionistak bideratuta, Zergatik jaten dugu? hitzaldia eskainiko dute kultur etxean.