Txapela bezain borobilak jaiak Ataun San Martinen
Igandeko artisau azokak, mondeju beltz lehiaketak eta bertsoek nahiz dantzak jarri diete azken puntua Ataungo San Martin jaiei. Azkeneko jardunaldia ere osagaiz betea izan da, festak bezalaxe.
Festak amaitzeko osagai sorta konbinatzen asmatu dute Ataungo San Martinen. Azken eguna izanagatik, eta kuadrillen ostiralaren eta parrandarako izan ohi den larunbataren bestondoan geratu arren, ikusgarritasun eta gozagarri askorekin borobildu dute lau eguneko festaldia.
Artisau eta sortzaile azoka zen arreta gune bat. «Giro bikaina» izan zen, eta eskerrak eman dizkiete antolatzaileek bisitari eta partaide guztiei. Artelanak, bitxiak, gazta eta esnekiak, poltsak eta osagarriak, ukenduak eta kremak, apaingarriak, margolanak, harizko jantziak, barazkiak, margolanak, gozoak eta pastak, zapiak, oinetakoak, arropa… jarri dituzte artisau postuetan.
Plaza giro atseginarekin tartekatuta, karpan Ataungo 12. Mondeju Lehiaketa egin zuten, aldi berean, Jentilbaratzak antolatuta. Mikel Moreak irabazi du (36 puntu), bigarren Xabi Antza geratu da (32), eta hirugarren Haritz Goñi (31). Zazpi herritarrek aurkeztu dituzte mondejuak.
Epaile Mikel Zeberio gastronomoa, Maite Garmendia eta Santos Aldasoro sukaldariak, eta Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran herritarrak jardun dira. «Sekula baino maila handiagoa» iruditu zaie, eta ataundarrak jaki hori egitera, jatera eta irauanaraztera gonbidatu dituzte.
Etxeko ohitura mantenduz
Gustura da Mikel Morea irabazlea, aspalditxoan Ataunen bizi den ikaztegietarra. «Beste hirutan bigarren saria lortua nuen, eta aurten lehenengoa irabazi dudan aurreneko aldia da», aitortu du.
Mondejugintza ere ez zaio berria. «Etxean betidanik egiten zituen amak mondejuak, eta hura ikusiz ikasi eta ohitura hori segitu dugu», azaldu du Moreak.
Jentilbaratza elkarteak, bestetik, Mikel Zeberio ataundar gastronomoa Mondeju Beltzaren Lagun izendatu du. «urte askoan janari honen suspertze eta indartzean burutu duen lana» aitortu eta saritu diote, baita Zeberiok gustura jaso ere.
Emaitzak eta giroa
Ostegun arratsaldean hasi zituzten San Martin jaiak. Patata tortilla lehiaketa egin zuten, lehendabizi. 31 tortilla aurkeztu zituzten, eta irabazleak Inge Sacristan, Mattin Etxeberria eta Iñigo Zabala hirukoa izan ziren.
Ostiralean, kuadrillak elkartzeko, bazkaltzeko eta egunpasa egiteko eguna izan zen. Larunbatean, lehiaketek hartu zuten lekua, Aizkoate elkartean. Eguerdian, haurren eta helduen toka txapelketak jokatu zituzten. Haurren artean Maixa Odriozolak irabazi du, eta helduetan Lander Imaz izan da garaile.
Arratsaldean, berriz, mus txapelketako irabazle Mikel Morea eta Julen Herguedas atera ziren.
Txapelak herrian bakarrik ez; Iraitz Zubizarretak Tolosatik ekarri duen Promozioko lau t’erdiko txapelarekin ere gozatua hartu dute ataundarrek. Beotibarrera joan ez zirenek begirik kendu gabe jarraitu zuten Aiakoaren finala, tabernetan. Ospakizunari jarraipena eman zioten 80 bat lagunek, sagardotegian.
Ez da txapel bakarra izan, gainera. Beñat Senar afizionatuak, Beñat Garmendia beasaindarrarekin bikotean, Gipuzkoako txapela jantzi du, senior mailan.
Indarkeria matxista eta bikarioa salatzeko tartea hartuta bukatu dira festak. Biboletak emakume taldeak deituta, Lizarrako mutikoaren hilketa gaitzetsi zuten, igande iluntzean.