Erretaulak kukutzen zuen altxorra
Beasaingo parrokian agertu diren horma irudiak herriaren ondare direla kontuan hartuz, elizak azaleratzeko prozesua hasi du, ondoren betirako ikusgai ipintzeko asmoarekin.
Altxor eder bat kukutzen zen Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parrokiako erretaula nagusiaren bizkarrean, 2022 urteko udan, erretaula konpontzeko bere tokitik kendu zutenean bistaratu zena. Bertan lanean ari zirenek sorpresa itzela hartu zuten. Horma irudi bat ageri zen, XVI. mendeko horma irudi errenazentista bat.
Agertutako pinturak herriaren ondarearen zati bat direla kontuan hartuz, azaleratzeko prozesua hasi du elizak, ondoren, ikusgai ipintzeko, betiko.
Iñaki Erauskinek kontatu duenez, «eliza hau eraiki eta urte batzuetara egin zuten horma irudia. Garai hartan, seguraski, ez zegoen dirurik erretaula ponpoxo bat egiteko, eta ohikoa zen, erretaula itxura zuen horma irudia pintatzea». Beasaingo parrokian bistaratu dutena, «1555. urtean Gaintzako seme Juan Perez de Landa, Zaragozan formatu zen pintoreak egin zuen, elizak kontratatuta».
Gaintzarrak, bost lunetotan eszena desberdinak pintatu zituen. «Handik 115 urtera, norbaitek pentsatuko zuen modaz pasatu zela, eta hobe zela egurrezko erretaula klasiko bat ipintzea», azaldu du Erauskinek. Arkitekto garrantzitsu batek egin zuen ondoren ipiniko zuten erretaula barrokoa, gaur egun ezagutzen duguna, alegia, pintura hauek agertu arte altxor handiena zena.
Erretaula nagusia, 1670-1672 urte bitartean egin zuen Juan de Ursularre Etxeberria arkitektoak. Hau ere Gaintzan jaioa, baina Azpeitiara bizitzera joan zena. Madrilgo eskola barrokoaren hedatzaile nagusia izan zen Gipuzkoako erretauletan. 1740 urtean, Ignacio Iberoren trazadurapean, Jose Antonio Iparragirrek gehitutako batzuk exekutatu zituen.
Gipuzkoan bakarra
Beasainen aurkitutako horma irudia bakarra da Gipuzkoan, tamaina kontuan hartuta behintzat. Badago kapilatxoren batean Azkoitian, eta San Estebango elizan ere, baina ez honakoa bezalakoa metro karratuetan eta kontserbazio egoeran. Ziurrenik, horrelakoak ziren garai bateko eliza asko, baina eredu bakarra honakoa da. Kasu honetan gainera, datu asko daude jasota, pinturaz aparte. Nork egin zuen, zenbat ordaindu zitzaion, gutxitan gertatzen dena, datu horiek pintura aurkitu baino lehenago izatea eta hori da hemen gertatu dena.