Errezil sagarraren berreskuratze uzta erakutsiko dute Gabirian igandean
Errezil sagar lehiaketa eta baserriko nahiz artisautza produktuen azoka egingo dituzte. Sagar urtea ez da oso ona izan, eta iazko hondamenditik indartzen ari dira sagastiak.
Garai uzkurrak ari dira izaten landa ekoizpenarentzat, oro har, eta bereziki Gabiriako errezil sagarrarentzat. Aldaketa klimatikoaren aldartera makurtuta dago aspaldian; harri jasak ez badira, kanpotik sartutako zomorroak, edo bertakoen ugalketa kezkagarria. Hala eta guztiz, lanean jarraitzeko «animoa eta gogoa» badute, eta beste behin ere errezil sagarretan izan den uzta onena erakusteko prest dira gabiriarrak. Igandean izango dira Errezil Sagarraren Eguna, lehiaketekin eta azokarekin.
Azoka 10:00etatik 14:00etara egingo da, Gabiriako plazan. Hamalau postu jarriko dituzte baserritarrek eta herriko artisauek. Azken arlo hori gero eta indar handiagoa hartzen ari da.
Hiru lehiaketa
Igandean hiru lehiaketa izango dira. Errezil sagarrarenean bederatzi baserritarrek parte hartuko dute. Iazko hondamendiaren ondotik, aurtengo sagar uzta ere «oso ona ez» da izan. Harri jasa suntsitzailearen eta klimaren apeten ondorioetatik ez dira sagastiak oraindik indarberritu.
Epaile lanetan Ramon Aseginolaza, Jabier Mujika, eta, lehen aldiz, Goimen elkarteko Ane Urkia ariko dira. Lau sari emango dituzte, denak maila berekoak.
Sagar-goxo edo menbrillu lehiaketara hamar gozo aurkeztuko dituzte. Josema Azpeitiak eta Lontxo Ormazabalek dastatuko dituzte, sari bat emateko.
Azkenik, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere Gabirian kokatuko du Gipuzkoako Erlezain Elkarteak, ohi bezala. 10:00etatik 10:30era bitartean aurkeztu behar dituzte erlezainek eztiak.
Azokako erosleei zozketa-zenbakiak emango dizkiete. Errezil sagar saskikada bat, baserriko jaki sorta, eta aurreneko aldiz, artisautza lanak zotz egingo dituzte. Leharrei mendi lasterketako antolatzaileek, beren aldetik, beste urteetako elastikoak moduan salduko dituzte.
Informazio ematea
Gabino Murua sagar zaleak dioenez, badira kalte-eragile gehiago ere frutagintzan eta baserriko ekoizpenetan. Azken aldian buruhaustea eta kaltea eragin dituen intxaurraren euliaz (Rhagoletis completa) informazioa emango du; «azkeneko gauza, intxaurrondoa botatzea da», ohartarazi du. Sagarrondo txertaketa metodoak ere esplikatuko ditu, eta inausketa saio bat egin.
Errezil Sagar egunaren egitaraua
Igandea, azaroak 19, Gabirian
- 10:00. Azokaren irekiera. Errezil sagar erakusketa.
- 10:00-10:30. Goierri Beheko Ezti Lehiaketako eztien aurkezpena.
- 10:30. Errezil sagar eta sagar-goxo lehiaketen hasiera.
- 11:00. Sagarrondo inausketa, erakustaldi praktikoa.
- Goizean. Txertaketaz eta intxaurraren euliari (Rhagoletis completa) buruz informazioa.
- 13:30. Sari banaketa.
- 14:00. Azokaren bukaera.