Mankomunitateak bere egitasmoa azaldu du Adinberri Silver Forumen
Jon Luquik Urola Garaia Zaintza Lab proiektua aurkeztu du Helburua mendekotasuna dutenen, zaintzaileen eta senitartekoen bizitza hobetzea da.
Jon Luqui Urretxuko alkate eta Urola Garaia mankomunitateko jarduneko lehendakariak Adinberri Silver Forun batzarrean parte hartu du. Bertan, zainketa arloko profesionalek parte hartu dute. Luquik Urola Garaia Zaintza Lab egitasmoa eman du ezagutzera.
Egitasmo hori Urola Garaia mankomunitateak, Uggasa garapen garapen agentziak, UGLE lanbide eskolak, Goierri garaiko lau udalek, Gogoa enpresak, Goierri-Urola Garaia ESIak eta aldundiaren Zainketak eta Gizarte Politikak departamentuak gidatu dute.
Helburua mendekotasuna duten pertsonen, zaintzaileen eta senitartekoen bizi baldintzak hobetzea da, laguntza teknikoaren bidez. Bide batez, adinekoei beraien etxean arreta integrala eskainiko dien negozio eredu bat testatu nahi da, ondoren Gipuzkoa osora hedatzeko. Laguntza produktuak, aholkularitza, ortesika eta protesika produktuen ekoizpena eta errehabilitazio robotikoa eskainiko ditu.
Urola Garaia Zaintza Lab egitasmoak hiru zutabe ditu. Lehenengoa zahartzea eta zainketa da. Gizartea zahartzen ari da eta askok etxean zahartu nahi dute. Urola Garaia Zaintza Labek etxebizitzak egokituko ditu pertsonak egoitzetara eraman beharrean.
Bigarren ardatza garapen ekonomikoa da, Goierri garaiak arlo soziosanitarioaren garapenaren aldeko apustua egin baitu: ortoprotesika, errehabilitazio zerbitzuak, errehabilitazio robotikoa…
Hirugarren ardatza lankidetza da. Goierri garaian ospitalea eta adinekoen egoitzak daude. Lankidetzarako ekosistema egokia, beraz. Egitasmoan, ESIa, UGLE (ortoprotesika gradua eskaintzen du), Onbideratu Zentroa, Gogoa Mobility Robots, Tecnalia eta Irisbond parte hartzen ari dira. Horretaz gain, MU eta EHU unibertsitateekin eta aldundiaren Adinberrirekin lan egiten ari dira. Bi unibertsitate horiek bioteknologia, bioingeniaritza eta osasun arloko formazioa eskaintzen dute.
Adinberri Silver Forum batzarrean Urretxun Bizi egitasmoaz ere hitz egin da. Maialen Fidalgo zinegotziak aurkeztu du, IMQ Igurco enpresako arduradunekin batera. Urretxun Bizik zainketa behar duten pertsonei etxean bizitzen jarraitzeko aukera ematen die. Horretarako, IgurTEK teknologia erabiltzen dute. Tablet baten bidez, adinekoa eta Gizarte Zerbitzuetako langilea une oro harremanetan daude. Adinekoari arreta plan pertsonala eta ariketak diseinatzen zaizkio.