Garikoitz Larizek ‘Arra’ antzezlana Ataunen estreinatuko du
Herri Antzokian 22:00etan hasiko da antzerkia, bihar. 'Macho' lanaren euskarazko moldaketa da. Haurtzarotik gaur egungo errealitate feministara arteko "bidaia" kontatzen du .
Garikoitz Lariz aktore ordiziarra./Hitza Garikoitz Lariz aktore ordiziarrak Ataunen egingo du, bihar (azaroak 17), Arra. Identitate galduaren kronikak antzezlanaren aurre-estreinaldia. Herri Antzokian, 22:00etan hasiko da emanaldia.
Sarrerak udal bulegoan, liburutegian eta egunean bertan leihatilan eskura daitezke, 10 euroren truke. Udalaren webgunean ere egin liteke erreserba.
Gaztelaniazko Macho, cronicas de identidad perdida antzezlanaren euskarazko bertsioa da Arra. 2018an estreinatu zuten, erdaraz, eta biran ibili da Larizen taldea harrezkero, lan horrekin. «Konpainiako kideei proposatu nien, ni euskalduna izanda, euskaraz itzuli eta egin behar genuela. Baiezkoa eman zuten, eta ilusioarekin gatoz Ataunera», azaldu du Garikoitz Larizek.
Malagako (Espainia) Stroke 114 da konpainia, eta Madrilgoak dira kideak. «Itzulpena itzultzaile batekin lagunduta egin dugu, eta bertsolari batzuek ere parte hartu dute. Gaztelaniaz esaera batzuk baitaude, eta horien ordainak euskaratu dituzte, errimatu. Hori izan da zati zailena».
Haurtzarotik feminismora
Arra. Identitate maskulinoaren kronika «eraikuntza-bidaia bat» da, Larizen iritziz. «Aktore bakarra ni naiz. Bere haurtzarotik hasten da, nerabezaroa, eta sexua eta emakumearen aurkikuntza, beste gizon kideekin harreman sentimenduetaraino. Eduki dugun heziketak eta errealitateak topo egingo dute gaur egungo feminismoarekin».
Iaz antzeztu zuten Stroke 114koek Ordizian Macho, eta lehengo astean Beasainen egin zuten. Baina artean euskarazko proiektua bukatu gabe zegoenez, Ataunen izango da lehenbiziko aldiz Arra ikusteko aukera. «Zenbait herritan proposatu, eta Ataungo emakume taldeari oso interesgarria iruditu zaio; bukatuta genuenez, aurre estreinaldia Ataunen egingo dugu».
Ordizian, Jakintzako eta Oiangureneneko batxilergoko ikasleekin, azaroaren 23an topaketa bat egingo dute hurrena.

Garikoitz Lariz aktore ordiziarra./Hitza












