«Herriak belaunaldi ezberdinen arteko sare bat sortu behar du»
Iñaki Ugaldek (Mutiloa, 1967) aurten bere zazpigarren aldia hasi du udalbatzarrean. Lehen lau urteetan, 1999tik 2003ra bitarte, zinegotzi izan zen, eta 2003. urtetik da alkate.
Zerk motibatzen zaitu alkate bezala sei agintalditan aritzera?
Gehien motibatzen nauena herriarekiko lan hori edo konpromiso hori da. Nik beti esan dut eta esango dut hori. Hau gustuko dudan lan eta gai bat da. Gustura jarduten dut udal inguruan mugitzen den guztian, eta urteetan zehar herriaren alde lan egiten ibiltzeak motibatu egiten nau. Egia da kasu batzuetan dena ez dela hain polita izaten eta une batzuetan tokatzen direla bestelako gauzak ere. Baina tira, hala nola aurrera ateratzen gara.
Noiz arte ikusten zara alkate?
Zikloa amaituko dela iruditzen zait. Nik ezin dut orain data bat jarri, baina oraindik lau urte gelditzen zaizkidala badakit. Ondoren, ikusiko dugu, baina ixten joan beharko da, izan ere, oraingo legealdia amaitzen dudanean 60 urte izango ditut jada.
Nolako eboluzioa ikusi duzu herriarengan eta zugan 2003. urtetik?
Erronka asko egon dira, ezta? Azkeneko urteetan hazkunde bat egon da herrian. Izan dugun erronka handiena urbanizazio berrien sorrerak izan daitezke. Gerriko auzoko eta Zelaialdeko auzoko etxebizitza berriak. Era honetan, herritarrei, herrian bertan geratzeko aukera eman diegu, eta aldi berean pertsona gehiago ekartzeko balio izan digu. Horrek herriari hazkunde bat eman dio eta biztanle kopurua mantentzea lortu du. Herri txikietan oso garrantzitsua da herritarrak herrian geratzea eta hazkundea lortzea.
Datozen lau urte hauetan zer emango diozu herriari? Eta, herriak zer emango dizu zuri?
Nik emango diodana jarraipen bat izango da. Markatutako ildo beretik segituko dut aurrera. Datozen lau urte hauetarako, proiektu garrantzitsu batzuk daude. Guretzat garrantzitsuena jendea udalera, edo beno, udalean gaudenongana gerturatzea izango litzake Azkenean, udalean zazpi pertsona gaude, baina zazpi pertsona horiez gain, herria momentu honetan 260 herritarrok osatzen dugu. Orduan, herritarrek, herriko bizitza honetan parte hartzea, jendeak bere ekarpena egitea, nolabait horrek ni motibatu eta bultzatuko nau datozen urteetan nire aldetik ahal dudan guztia egiteko.
Herriarekiko esandakoa espero dut. Azkenean, herri txikia da eta denok ezagutzen dugu elkar, horrek herritarren parte hartzea errazten du. Hortaz, herriaren parte diren eran, parte hartze hori nahi dugu, herria denok egiten dugulako.
Nolako da herriko gazteekin harremana?
Nik gazteekin harreman ona daukat. Ziur batzuekin beste batzuekin baino hurbilagoa izango dela nire harremana, baino beste herritar batzuekin bezala. Hori ere herri txikia izateak errazten du, harremanak errazago egiten direlako. Hala ere, batzuetan kosta egiten da, adin-tarte bat dagoelako. Baina, belaunaldi berriak datozen heinean, rolak ere aldatu egin behar dira. Eta, nik hori oso positiboa ikusten dut. Haien neurrira egokitutako batzordeak, festa batzordea bezala, aproposak dira gazteek ere bere lekua izan dezaten eta proposamenak jaso ditzagun.
Eta, umeekin? Aisialdirik ba al dago?
Umeentzako ludoteka bat dugu martxan. Horrekin ere jarraitzeko asmoa dugu, eskolaz kanpoko jardueretarako gehien bat. Azken batean, Mutiloako haurrak inguruko beste herri batzuetako eskoletan ibiltzen dira. Orduan, egunero-egunero herriko umeak elkartzen jarraitzeko gune hori [ludoteka] izatea oso inportantea da.
Horrekin lotuta, gurasoak ere dinamikaren parte dira. Umeak haien artean bezala, gurasoek ere haien arteko harremanak sortzen dituztelako.
Ekonomikoki estrategiaren bat ezartzen ari zara herrian hazkunde ekonomikoa sustatu eta enplegu aukera berriak sortzeko?
Beti da enplegua sortzearena garrantzitsua herri mailan, baina hemen sortzen diren enpleguak daudenak dira. Ekonomia dibertsifikatzea ziurrenik hemen norbanakoak sortzen dituen proiektuekin izan beharko da. Eta, udalak beti izango du horretarako bultzada bat. Errotatxorekin, garai bateko errotarekin hori dena martxan jarri daiteke. Errota zaharberritu egin da, espazio berri bat dago, espazio horretan ondarea sortzen da eta ondare hori ezagutzera emateko ziur zerbait sortu beharko dugula. Horrelako gauzek herrian lanpostu berriak sor ditzake. Bertatik ekonomia dibertsifika genezake. Era berean, horrek herrian bizitasuna emango du. Hala ere, ea gauzak nola ateratzen diren, gauza bat da zerbait irudikatzea eta gero errealitatean islatzea.
«Oso garrantzitsua da herritarrak herrian geratzea eta hazkundea lortzea»
«Parte hartze hori nahi dugu, herria denok egiten dugulako»
«Horrelako gauzek [Errotatxok] herrian lanpostu berriak sor ditzakete»
Bestalde, herri txikietan dauden zerbitzuak eta baliabideak mantentzea ekonomikoki oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Hasi mediku zerbitzutik, haur-eskola gaur egun dauzkagun hauek mantendu eta ahal baldin bada gehiago sortuko balira zoragarri. Herri txikietan lurralde oreka bat nahi da, badakigu ezin ditugula herri handien zerbitzu berak izan, baina bai minimo batzuk.
Zein dira egun Mutiloako herrian dauden erronka nagusiak?
Udaletik buruan ideiak dauzkagu, Errotatxoren bueltan dinamika bat sortu nahian gabiltza, eta datozen lau urteetan zerbait sortu behar da. Gainera, herriko ondarearekin lotuta, azken urteotan Mutiloan plangintza garrantzitsu bat egin da meatzaritzak ere izan duelako bere eragina herri mailan. Duela 30 urte jarduera hori eten egin zen, baina, ondare edo patrimonio hori herritarrei eta herritik kanpokoei ezagutzera eman nahi dugu. Horretarako, bide berri bat, bide berde bat berreskuratu da, nik uste erronka handi bat izan dela. Ibilbide horiei esker, herritik zehar, barrualdetik, ibiltzeko aukera dago, meatze horien inguruan.
Hortaz, nagusiki, Errotatxo bai, bada, kontu estrategiko bat, eta horri buelta bat eman behar zaio. Ondareari ere balioa ematea ezinbestekoa da, eta horietaz gain, orain lantzen ari garen beste gaietako bat belaunaldiartekotasuna harremantzea da, hau herriko plan estrategikoan jasoa dago.
Azken batean herri txiki batean umeentzako, zein gazteentzako gauzak antolatzeak bere garrantzia dauka bai, argi dago. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu herriak belaunaldi ezberdinen arteko sare bat sortu behar duela. Modu honetan, ezagutza transmisioa bat emango da haien artean, eta hori erronka garrantzitsua da.
Une honetan, Eusko Ikaskuntzaren eskutik tailer batzuk egiten hasi gara eta iniziatiba hori zabaltzen gabiltza pertsona talde bat. Hortaz; Errotatxo, erabilera batzuk finkatzea eta bertako patrimonioa meatzaritzarekin lotuta aurretik egindako guztiari balioa ematea erronka garrantzitsua da guretzat. Jendeari ezagutzeko aukera ematen diegulako eta kanpotik jendea ekarri dezake.
Nola amaitu nahiko zenuke legealdia?
Gizartea aldatzen ari da, eta Mutiloa ere aldatzen ari da. Hortaz, buruan dauzkagun horiek gauzatu nahiko nituzke, edo behintzat, gauza batzuk aurrera joan diren sentsazio horrekin gelditu nahiko nuke.