Goierri garaiko udalek 'Euskaraz barrabarra' ekimenarekin bat egin dute
Mankomunitateko udalek Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren Euskaraz barrabarra ekimenarekin bat egin dute. Marka bateratua sortu dute eta marka hori duten euskara erabili ahal den saltoki, taberna eta enpresetan zabalduko dute. Euskaraz barrabarra ikurra nahi duten Goierri garaiko merkatari, ostalari eta enpresek dagokien udaleko Euskara sailera jo behar dute.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Mahaian Jon Luqui mankomunitateko jarduneko lehendakaria, Jose Mari Bermejo Zumarragako zinegotzia, Edurne Matias Legazpiko zinegotzia, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotzia eta Aitor Lizarazu Zumarragako euskara teknikaria eseri dira. Gainontzeko euskara teknikariek, merkataritza bulegoko teknikariek eta hainbat merkatarik parte hartu dute.
Luquik mankomunitateak euskararen alde egiten duen lana aldarrikatu zuen. “Urteak daramatzagu euskara lantzen, merkatariekin elkarlanean. Izan ere, merkatariek euskara sustatzeko ahalmena dute. Merkatariek kalitatezko zerbitzua eskaini nahi dute eta euskara balio erantsia da”.
Lizarazuk 2006tik Goierri garaian Euskaraz, pozik gainera logoa erabiltzen dela eta hemendik aurrera Euskal Herri mailakoa erabiliko dela aipatu du. “Logoa lortzeko, saltoki horretako langile guztiek euskara ulertu behar dute. Dagokien udalarekin konpromiso hitzarmena sinatuko dute eta euskara ulertzen ez duen langileren bat kontratatzen badute logoa galduko dute”.
Egitasmo horren barne, Scape Room (Ihes Gela) bat ere antolatu da. Abenduaren 8an, 9an eta 10ean Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak sortutako 17. logela Ihes Gelan aritzeko aukera izango da Zumarragako Euskadi plazan. Ekintza 16 urtetik gorakoei zuzendua dago. Abenduaren 8an 17:00etatik 21:00etara arituko dira eta 9an eta 10ean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. 20 txanda zeuden eta guztiak bete dira.
Gainera, abenduaren 3tik aurrera sentsibilizazio kanpaina bat egingo da. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz du izena. Dendetan kartelak jarriko dira eta Iñigo Urkullu lehendariak idatzitako gutuna etxe guztietara bidaliko da.
Bukatzeko, udalek euskarazko produktuen katalogoa helaraziko diete 0 eta 12 urte bitarteko haur guztien gurasoei.