Txistu doinuen oihartzuna, Legazpitik Euskal Herrira
Danboligenak topaketa egin dute gaur Legazpin. Euskal Herriko hainbat txokotako 35 bat txistulari elkartu dira. Arratsaldean alardea egin dute

Euskal Herriko txistulari gazteen topagunea bilakatu da gaur Legazpi. Bertako txistulariez gain, Zumarragako eta Urretxuko, Beasaingo, Azkoitiko, Azpeitiako, Bilboko, Leitzako, Abadiñoko eta Durangoko ordezkariak izan dira. 35 txistulari, denera.
09:30ean entzun dira lehen doinuak. Diana gisa, kalejira egin dute herrigunean, udaletxean bukatu arte. Bertan Eric Galvez alkateak harrera egin die. Hamaiketakoarekin borobildu dute ekitaldi instituzionala.
Jagoba Astiazaranek eta Iñar Sastrek Arineketan proiektu musikalaren berri eman dute segidan. Urtarrilean kaleratuko duten diskoa da, txistua eta pianoa uztartzen dituena, eta horraino iristeko eman beharreko pausoak azaldu dizkiete musikari gazteei.
Txistu alardeko argazkiak ikusteko, egin klik hemen
Elkarrekin bazkaldu ostean, alardea egin dute iluntzean, Kale Nagusiaren, Aizkorri Kalearen eta Patrizio Etxeberria Kalearen elkargunean. Legazpi biribilketarekin eta Legazpi zortzikoarekin hasi dute saioa; Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako kideek ere parte hartu dute; musikeneko lau ikaslek pieza bat jotzeko aukera ere izan dute.

Txistu baxua. Gainerako senideak ez bezala, forma kurbatua du / K. G. Z. – Goierriko Hitza
Orduan nabarmendu da eguneko bitxikerietako bat: txistu baxua entzun ahal izan da aurrenekoz Legazpin. Topaketan ziren txistularietako batzuk ere sekula entzun gabeak ziren txistu mota hau. Luzeraren arabera, poxpolina, motza, luzea edo silbotea forma hartzen du txistuak. Baxua guzti hauek baino luzeagoa da. Horren luzea, non, S itxura duela konpaktuagoa izateko. Zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta soinu grabeagoa egiten du txistuak. Baxuak txistu-luzeak baino zortzidun bat beheragoko soinua egiten du.
Eguna borobiltzeko kalejira egin dute Kittu taldearekin batera.