Jose Miguel Romero ordiziarrak irabazi du Ataungo argazki rallya
Jose Luis Rodriguez bigarren sailkatuarekin puntuetara berdindu egin du, baina epaileen ustez Romeroren lanek geometria hobea zuten eta bere aldi egin dute. Xabier Antzak irabazi du herritarren saria

Jose Miguel Romero ordiziarrarentzat izan da hemeretzigarren Ataungo argazki rallya. 106 puntu lortu ditu, Jose Luis Rodriguez bigarren sailkatuak bezainbeste. Aurkeztutako bost argazkien geometriak balantza goierritarraren aldera eraman du. Pozik jaso du saria gaur eguerdian, Ataungo herri antzokian. Urriaren 1ean jokatu zen lehiaketa.
Romerok hiruzpalau aldiz hartu du parte Ataungo rallyan. “Nahi baino gutxiagotan”, onartu du. Lehen aldia du sariren bat lortzen duela bertan. “Erronkak gustatzen zaizkit, ezinezkoaren aurka borroka egitea. Erretratuak badira okerren ateratzen zaizkidanak, erretratuak egiten ditut”. Hala, aurten rallyak serioago hartu dituela kontatu du 20. edizioan titulua defendatzen saiatuko dela iragarri du.
Rodriguez Ataungo garaikurra irabazitakoa da. 2020an lortu zuen lehen saria; are, 2017an ere bigarren amaitu zuen. “Asko gustatzen zait. Goizean goiz jaiki eta esan nuen, zein ondo, gaur Ataunera“. Zallan bizi da, Ataundik 115 kilometrora. “Horrenbeste afizioa dugu kilometroak erraz egiten ditugula”. Emaztearentzako esker oneko hitzak izan ditu, eskaintzen dizkion erreztasunengatik.
Argazkilari bakoitzak bost argazki aurkeztu behar zituen, gai bakoitzeko bat: basoa, itzala, eskilara, elementu multzoa eta kontraargia. Epaimahaiak argazki bakoitzari puntuazio bat eman zion eta puntu gehien lortu duenak irabazi du lehiaketa.
Romero eta Rodriguezek esan dute gaiak ez zitzaizkiela zailak egin, baina Xabier Antza lehen ataundarrak baietz aitortu du. “Normalean, topatzen dudanari ateratzen dizkiot argazkiak. Baina rally formatua bila joatea behartzen zaitu”. 91 puntu lortu ditu Antzak. Ataundarren artean Mariano Perezek egin du bigarren. “Txapelketan parte hartu ahal izatea opari bat da. Gozatzera irtetan naiz”. 87 puntu lortu ditu berak, Karmele Berasategik baino bat gehiago. “Kameria berria dut eta hori erabili nuen lehiaketan. Baina ez naiz guztiz eroso sentitzen eta argazki batzuk zaharrarekin atera nituen. Bota egin beharko du berria”.
45 partaide
Argazki rallyan 45 argazki lehiatu ziren. Hamar ataundarrak izan ziren. Kanpokoen artean, Beasain, Ordizi, Lazkao, Legazpi, Urretxu edo Zaldibiako argazkilariak zeuden, baita ere hernaniarrak, donostiarrak edo durangarrak. Era berean, hamar argazkilari emakumezkoak ziren.
![]() Jose Miguel Romero lehen sailkatua / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Jose Luis Rodriguez, bigarren sailkatua / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Xabier Antza, lehen ataundarra / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Hamaiketakoa egin dute sari banaketaren ondoren |
Ataungo argazki rallya Herriz herri txapelketako hamabi saioetako bat da. Bihar jokatuko da azken jardunaldia, Soraluzen (Gipuzkoa). Jose Luis Rodriguez dago sailkapenaren buruan, 112 punturekin. Jose Miguel Romero ordiziarra doa bigarren poztuan, 99 punturekin. Herriz herriko ligarako Legazpiko eta Beasaingo argazki rallyak ere puntuagarriak dira.