Atxurbiko igoerarekin amaitu dute Irizar eta Iparragirreren omenezko zikloa
Iñaki Iparragirre Iparra eta Eduardo Irizarren omenezko ekintza zikloa amaitu dute Idiazabalen. Atzo, Atxurbi mendira igo ziren 40 bat herritar, Iparra eta Irizarren oroigarria dagoen lekura urtero egiten duten irteeran. Azken urteetako irteera “jendetsuena” izan da Kimu kultur elkarte antolatzailearen esanetan. Hala eman dio amaiera Kimu kultur elkarteak, pasa den ostegunean hasitako omenaldiari.
Elkarteko kideek adierazi dutenez, “gustura” daude antolatutako ekintza guztiek izan duten harrerarekin. Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren Katuen Kontuak ikuskizunak, adibidez, “Guraso elkartea bete” zuela adierazi dute, “90 bat pertsona bildu ziren bertara”. Jendetsua izan zen baita ere, Andoni Olariagak ostiralean Palestinako gatazkaren inguruan emandako hitzaldia, “gaia pil-pilean dago eta horrek ere lagundu zuen jendearen arreta pizten”, 40 bat lagunek entzun zituzten Olariagaren adierazpenak.
Larunbatean ekitaldia politikoa antolatu zuten eguerdian eta arratsaldean, 15:00etan mus txapelketa zegoen deituta Igarondo pilotalekuan. Jon Esnaola eta Mikel Saralegi lehengusu idiazabaldarrak izan ziren irabazleak. Bigarren egin zuen Alain Motok eta Beñat Urruzola urnietarrek osatutako bikoteak. Guztira, 20 bikotek hartu zuten parte txapelketan.
Iparra 1974. urtean hil zuten Trintxerpen eta Irizar 1984an Oiartzunen.