Beasainen egingo dute Beldur Barik topaketa, abenduaren 1ean
Indarkeria sexistaren aurkako programa honek, lehiaketak, topaketak eta hezkuntza ekimenak bultzatzen ditu, gazteengan fokua jarriz. Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailak sustatzen du, Emakunderen bitartez, eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta EUDELek babesten dute ekimena.
Beldur Barik 2023 programaren aurkezpena egin dute Beasaingo Igartza jauregian, gaur goizean. Indarkeria sexistaren aurkako programa honek, lehiaketak, topaketak eta hezkuntza ekimenak bultzatzen ditu, gazteengan fokua jarriz. Aurten, Beasainen egingo dute Beldur Barik topaketa, abenduaren 1ean. Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailak sustatzen du, Emakunderen bitartez, eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta EUDELek babesten dute ekimena.
Hala, Beldur Barik herria izango da Beasain, programa honek 14 urte bete dituen urtean. Hori antolatzea suposatzen duen «lan handiagatik», Beasaingo Udalari «eskerrak» ematen hasi du hitzartzea Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak. «Eskerrak ere, egitasmoa posible egiten duten erakunde guztiei», jarraitu du, izan ere, «emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko bidean, erakundeen elkarlanaren eredua da Beldur Barik programa». Elkarlanaz gain, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean «borondate politikoa eta prebentzioa ere tresna baliotsuenak dira» sailburuaren hitzetan. Gazteek indarkeria matxistaren aurka duten jarreran eragitea ere beharrezkoa da sailburuarentzat; «gazteen artean sustatu behar da bereziki», esan du. Horregatik jarri dute programa hau martxan aurten ere: «Neskak ahalduntzeko; indarkeriaren aurka mutilen paper aktiboan fokua jartzeko, benetako berdintasunaren bidean neskekin aliantzak egitea beharrezkoa delako; eta denon artean gizarte justuago bat eraikitzeko».
Fokua jarri dute ere indarkeria matxistak azken urteetan hartu dituen forma berrietan. «Beharrezkoa da internet bidezko indarkeriari arreta jartzea», ohartarazi du sailburuak.
Gazteen ahotsa
Beldur Barik programak, ikus-entzunezkoen lehiaketaren bidez, indarkeria matxistak detektatzeko tresna izatea du helburu. Aurten, 264 lan aurkeztu dituzte, gehienak taldean ekoitziak. Hain zuzen ere, taldean lan egin izanak duen garrantzian azpimarra egin du Melgosak, «sortze prozesua bera talde hausnarketa bihurtzen delako». Partaideen adin tarteari dagokionez, «14 eta 18 bitartekoak dira gehienbat, %70a hain zuzen ere», eta «erdiak baino gehiago, Bizkaitik jaso dira, %35a Gipuzkoatik, eta %15a Arabatik».
Ikus-entzunezkoetan jorratu dituzten gai nagusiak, rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide eta aukera berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena. Aurrerantzean indarrak non jarri erakusten duela ere adierazi du sailburuak, «bizitza errealean eta interneten, indarkeria matxista eta desberdintasuna antzemateko tresnak eskaintzen jarraitu behar dugu».
Elkarlanerako konpromisoa
Erakundeen eta eragile desberdinen arteko elkarlanaren bidez gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko konpromiso irmoa erakutsi dute erakunde desberdinetako ordezkariek Igartzan.
Leire Artola Beasaingo alkateak azpimarratu duenez, «indarkeria matxistak soluzio integralak behar ditu, eta denon elkarlana ezinbestekoa da». Topaketa Beasainen egingo delako, «pozarren eta arduraz gaude», erantsi du.
Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak esan bezala, Beldur Barik ekimenak «neska gazteak eragile aktibo bihurtzen ditu, eta haiek esateko daukatena entzutea oso garrantzitsua da Aldundiarentzat».
Ildo beretik mintzatu da Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasuneko eta Giza Eskubideetako zuzendaria ere; «Gazteak parte aktibo izatea oso garrantzitsua da». Era berean, «indarkeria matxista erlatibizatzen duten diskurtsoak areagotzen» ari direla ohartarazi zuen, eta horregatik, «Beldur Barik jarrera lantzen jarraitu behar da».
Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari nagusiak Beldur Barik programari esker «gazteen artean indarkeria matxistaren aurkako mezuak barneratzen laguntzen» direla nabarmendu du.
Indarkeria matxistaren aurka mutilengan ere fokua jarri beharraz, hauen paper aktiboa bultzatzeaz mintzatu dira ordezkari guztiak. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi bezala, «lehentasunezkoa da gazteekin lan egitea, eta indar berezia egitea, mutilek gizon izateko beste modu bat ikas dezaten». Nati Lopez de Munain Eudeleko ordezkariaren hitzetan «gure gazteak berdintasunaren aldeko aktibistak izan daitezen lanean jarraituko dugu».
Egitaraua
Datorren ostiralean Beasainen egingo da Beldur Barik Topaketa, Usurbe Antzokian. Ikus-entzunezkoen lehiaketaren sari ematea egingo dute bertan. Alarma Morea talde goierritarrak parte hartuko du ekitaldian. Gainera, tailerrak antolatu dituzte egun horretarako, autodefentsa feminista, sexualitatea, maskulinitateak, ziberjazarpen sexista eta ahalduntzeari buruz. Elkarretaratzea ere egingo dute Usurbe antzokiaren aurrean, indarkeria matxistaren aurka.