Mozorrotuen bazkarirako tiketak salgai Ormaiztegi App-ean
Ander Deunaren jaiak ate joka daude Ormaiztegin. Datorren ostiralean hasita, abenduaren 3ra arte luzatuko dira aurten festak. Hori dela eta, Ormaiztegiko Udalak jakitera eman du abenduaren 2an egingo den mozorrotuen bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daudela Ormaiztegi App-ean.
Hiru menu izango dira aukeran. Helduen menuko tiketak 22 eurotan daude salgai: entsalada, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrillan, Eceizako pasteltxoak, ogia, kafea eta edaria. Menu beganoa ere izango da aukeran, 22 euroan: entsalada, kroketa beganoak, barazki menestra, lasaña beganoa, piña, kafea, ogia eta edaria. Haurrentzako menuko tiketak—12 urtez azpikoentzat— 13 euro balio du: patea,urdaiazpiko kroketak, baserriko oilaskoa parrillan patatekin, izozkia, ogia eta edaria.
Salmenta zenbakituta
Mozorrotuen eguneko bazkaria abenduaren 2an izango da, 14:30ean Zubipe kiroldegian, udalak antolatuta. Txartelak Ormaiztegi App-ean erosi daitezke dagoeneko, azaroaren 24ra arte. Udaletik jakitera eman dutenez, ohi bezala zenbakituta eta online izango da salmenta. Bestalde, igandean amaitu zen larunbatean Harrikalariak Gazte Asanbladak antolatutako eleganteen bazkarirako txartelak erosteko epea.