Angel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiko argazkiak
Ostadar taldearen Mendi Asteko lehen ekitaldia izan da
Atzo Ostadar taldearen Mendi Astea hasi zen, Angel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiarekin. 43 haurrek parte hartu zuten.
Horra hor argazki batzuk. La Salle mendi taldeko Roberto Santamariak atera zituen.
Gaur Iñaki Beitiari buruzko Postontzi bat munduaren amaieran dokumentala eman dute Labeaga aretoan. Bihar Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendietako argazkiak erakutsiko ditu Urretxuko kultur etxean. Asteazkenean Joseba Iztueta gabiriarraren txanda izango da: Ladakh aztarna berrien bila ikus-entzunezkoa emango du Zelai Arizti aretoan. Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz gabiriarra Ladakh-era, Indiako Himalaiako haran urrun batera joan dira. 17 eskalada bide berri ireki eta Amaiur Peak-era, 5.760 metroko aurrez inork igo gabeko mendira, lehenbiziko igoera egin dute.
Azken emanaldia ostegunean izango da. Iñigo Unanue Bereziartu herritarrak eta Kattalin de Pedro Larreak Zikloalpinismoa Bolivian ikus-entzunezkoa emango dute Zelai Arizti aretoan. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.
Hilaren 25ean (larunbata) Ostadarrek bazkide batzarra egingo du Zumarragako kultur etxean, 19:00etan. Bertan lehendakari berria hautatuko dute. Ostiralera 24ra arte zabalik dago izen-ematea (ostadar@ostadar.org).
Igandean mendi ibilaldia egingo dute. Arabako Toloño mendira joango dira. 07:30ean abiatuko dira Elizkaletik. Ibilaldiaren ondoren bazkaria egingo dute Briñasen. Irteeran eta bazkarian parte hartzeko, izena eman behar da (emanaldietan).