Aparkaleku arazoak hobetzeko proposamena egin du udalak
TAO ordenantza berriaren zirriborroa jendaurrean dago abenduaren 14ra arte iradokizunak egiteko. Barrendaindik gora TAO eremua handitzea proposatzen dute, besteak beste.
Beasaingo Udalaren TAO ordenantza berriaren zirriborroa jendaurrean dago. Udal webgunean kontsulta daiteke dokumentua, eta abenduaren 14ra arte Igunean edo egoitza digitalaren bitartez iradokizunak egin ditzakete herritarrek. Beasaingo Udalak 2022 urtean egin zuen Hiri Mugikortasun Jasangarrirako planean oinarrituta dago proposamena. Horren barruan egin zen diagnostikoaren arabera, Beasainen ez dago aparkaleku faltarik. Erroldatutako ibilgailuen kopurua 7.358 da eta aparkaleku publiko eta pribatuen plaza kopurua, berriz, 10.827.
Hala eta guztiz ere, aparkalekuen azterketak ondorioztatu du, Barrendain inguruan aparkaleku tentsio altua sortzen dela tren geltokiaren eraginez; Gipuzkoa plazako aparkalekua gutxi erabiltzen dela; eta Gernika pasealekuko gune marroiak ez duela espero bezala funtzionatu eta berrikusi egin behar dela.
Diagnostikoak ondorioztatu ere, Alde Zaharra, Oriamendi eta Nekolalde kaleetako inguruak eta Ezkiaga auzoa direla egoera kaxkarrena bizi dutenak.
Horren aurrean, Barrendain plazatik gora TAO sektore berri bat sortzea proposatzen du ordenantzak. Garmendia-Otaola ardatzetik Dolarea parkera gelditzen eremua hartuko luke, Dolarea kalea 12-13 eta Foru kalea 74 izango lituzke muga.
Honekin, hiru TAO sektore izango lirateke Beasainen; Ezkiagakoa, erdigunekoa eta proposatzen den eremu berria.
Sektoreka banatzearen arrazoia da, udalerri barneko desplazamenduak ibilgailuan egiteko tresna ez bilakatzea egoiliar baimena.
Egutegia eta ordutegia
Egutegi eta ordutegi aldaketa ere planteatzen ditu ordenantza berriaren zirriborroak. Batetik, TAO zerbitzua astelehenetik ostiralera mugatzea proposatzen du, larunbatak kanpoan utziz. Eta bestetik, arratsaldeetan zerbitzua ordu erdi lehenago amaituko litzateke (09:00-13:00 / 16:00-19:30). Udalak, kontziliazio arrazoiengatik egin nahi du aldaketa.
Guneen ezaugarriak
Aparkatzeko bost gune desberdin daude Beasainen. Gune marroia edo txandakatze altukoan, lehen 20 minutuak dohain izango dira eta 120 minutu aparkatu ahalko da gehienez. Gernika pasealekuko frontoi atzean, Barrendain plazan eta osasun zentroan dago.
Gune urdina edo txandakatze ertainekoan, lehen 20 minutuak ere dohain izango dira, baina 240 minutuko egonaldiak egin ahal izango dira gehienez.
Goiz edo arratsaldeko ordutegi blokeak osatzeko aukera. Egoiliar txartelarekin aparkatu ahal izango da, betiere sektore berekoak badira. Erdigunean, S1 eta S2 sektoreetan kokatzen da.
Gune berdea edo txandakatze baxukoetan ere, lehen 20 minutuak dohain izango dira, eta 450 minutu aparkatu ahalko da gehienez. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Landa-auzoetako herritarrak salbuespena izango dira. Gipuzkoa plaza eta Gernikako pasealekua.
Gune gorria (Ezkiaga) orain arte bezala mantenduko da;
Ezkiaga auzoko egoiliarren ibilgailuak baino ezin dira aparkatu eta ordutegi berezia izango dute: astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era. Ezkiaga (ZE) sektorea.
Eta gune berrian, S1 edo S2 sektoreetan txarteldun egoiliarrek soilik aparkatu ahal izango dute urte guztian zehar, 24 orduz. S1 sektoreko egoiliarrek ezingo dute S2 sektoreko egoilarren plazetan aparkatu eta alderantziz.