CAFeko enpresa batzordeak bilkura egingo du bihar Osalanen egoitzaren aurrean
Haren ustez, ehunka langile "amiantopean lan egitea ekidin" zitekeen, eta enpresako zuzendaritza erantzuletzat jotzeaz gain, administrazioaren jarrera "erabat salagarria" dela adierazi du.
CAFeko langile batzordeak protesta bilkura egingo du bihar, 10:00etan, Osalanen egoitzaren aurrean, Donostian, Berriro gerta ez dadin lemapean.
Haren esanetan, CAFek Beasainen duen lantokiko 4. saileko akaberan, “ehunka langile amiantopean lan egitea ekidin” zitekeen. “Enpresa arduradunak dira zuzenean egoeraren erantzule, baino administrazioaren jarrera ere erabat salagarria da. Egoeraren jakitun izanik, Enpresa Batzordeak zuzenean komunikatu baitzion, Osalanek ez zuen inolako urratsik eman balizko kutsadura hori ekiditeko”.
Amiantoa kentzeko lanen aurretik, lanean ari ziren bitartean eta gero hartutako erabakiak “okerrak” izan ziren, CAFeko enpresa batzordearen ustez. Horregatik, “bi salaketa zuzen plazaratu” ditu. Batetik, enpresa batzordeak gaitzetsi du Osalan enpresako zuzendaritzarekin “soilik” jarri zela harremanetan. “Nahiz eta prebentzio delegatuek abisua eman, zazpi egun igaro arte ez zen enpresa batzordearekin bildu eta ez zituen kutsatutako instalakuntzak bisitatu. Osalanen jokaera erabat desegokia izan da”.
Bestetik, CAFeko komitearen arabera, administrazioak ezartzen dituen amiantoa kentzeko protokolo orokorrek ez dute balio. “CAF bezalako enpresa batean egoera hau eman bada, bestelako lekuetan zer gertatuko ote da?”, galdetu du. “Ez enpresa mailan, ez administrazio mailan inork ez du honen guztiaren inguruko ardurarik hartu bere gain. Benetan lotsagarria da”.