Errenazimenduko horma-irudia berreskuratzeko lanean ari dira Beasaingo parrokian
Gipuzkoako horma-irudi errenazentista garrantzitsuena da Beasaingo parrokian aurkitu dutena. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gotzaindegiak eta Beasaingo Udalak finantzatuko dute horma-irudia berreskuratzeko proiektua. Aurkikuntzaren bideoa albistean.
Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parrokiako erretaula nagusiaren bizkarrean, XVI. mendeko horma irudi errenazentista bat aurkitu zuten 2022ko udan, erretaula konpontzeko bere tokitik kendu zutenean. Agertutako pinturak herriaren ondarearen zati bat direla kontuan hartuz, azaleratzeko prozesua hasi du elizak, ondoren, ikusgai ipintzeko, betiko.
Juan de Ursularre Etxeberriak, 1671n eraiki zuen erretaula barrokoa, babes-maila berezikoa. Erretaula horren atzean, 1555. urteko horma-irudi originalak zeuden, Juan Perez de Landak eginak. “Altxor errenazentista bat da, Gipuzkoan bakarra”, nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak, Beasaingo alkate Leire Artolarekin batera horma-irudia bertatik bertara ezagutzeko gaur goizean egin duten bisitan. Jon Elizalde, Donostiako Elizbarrutiko ondare arduraduna eta Kristina Fernandez, GFA Kultura departamentuko artelanen kontserbatzaile-zaharberritzailea ere bertan izan dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gotzaindegiak eta Beasaingo Udalak finantzatuko dute horma-irudia berreskuratzeko proiektua, etorkizunean bisitarientzat irekita egongo dena.