EzkiOn Martxan kirol kluba aro berri bati ekiteko prest da zuzendaritza berrituta
Batzar irekia egin zuten larunbatean Ezkioko udaletxean. Herriko kirolariei ikusgarritasuna ematea da helburuetako bat. Kirol klubaren bitartez herrigintza bultzatu nahi dute.
EzkiOn Martxan kirol klubak batzar irekia deitu zuen larunbaterako, klubeko zuzendaritza talde berria aurkeztu eta etorkizunari begira hartu beharreko erabakiak eztabaidatzeko. EzkiOn Martxan klubeko lehendakari, Joxe Mari Gabilondo gustura agertu da batzarrak izan zuen erantzunarekin.
Gabilondok zehaztu duenez, EzkiOn Martxan 2018an sortu zen gaur egun desagertuta dagoen Santa Lutzi txirrindularitza probaren aitzakian. Geroago, mendi martxa mistoa eta Izazpiko igoera ere antolatu izan dira klubaren izenean. «Lehendabiziko bi probak antolatzeari utzi zitzaion eta Izazpiko igoeraren antolaketarekin bakarrik geratu zen kluba. Pandemiak eten bat suposatu zuen eta ordutik gainbehera egoeran zegoen», zehaztu du.
Aro berri bati ekiteko asmoz, zuzendaritza berria sartu da aurten klubean, «lau pertsonak osatzen dugu zuzendaritza berria, momentuz», dio Gabilondok. Ilusioz heldu diote erronka berriari, nahiz eta jakin badakiten, «lan karga handia» suposatu dezakeela: «Herri txikietan gauza asko egitea tokatzen da askotan, eta normalean, beti pertsona berak aritzen gara horrelakoetan».
Bazkide kuota indarrean
Zuzendaritza berritzeaz gain, kirol talde ezberdinak klubera erakartzea ere lortu dute, «Izazpiko igoeraz gain, Ezkioko pilota eskola, Alex Aranburu taldea eta herri kiroletakoak ere» klubera batu dira, orain. Kirol probak antolatzeaz gain, herriko kirolariei ikusgarritasuna ematea ere bada klub berrituaren lehentasunetako bat. «Udalarekin elkarlanean, sare sozialen bitartez herriko kirolarien jarduna zabaltzea da gure asmoa», zehaztu du Gabilondok.
Pandemia garaitik etenda geratu zen bazkide kuota berriz indarrean jartzea erabaki zen larunbatean. «10 euroko ekarpen sinbolikoa izango da». Bazkide egiteko udaletxera deitu edo ezkionmartxan23@gmail.com-era idatzi daiteke.
Klubaren bitartez, «herrigintza bultzatzea» da beste helburuetako bat, baita haurrengan kirol zaletasuna sustatzeko bideak irekitzea ere.