Idiazabalgo Zepai auzoan autobus geltokia jartzeko bilera aldundian
Zepai auzoan autobus geltokia jartzeko helburuarekin bilera egin du Idiazabalgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa sailarekin. Goiko auzoetako bizilagunen aldetik «aspalditik datorren eskaria» dela zehaztu du Iñaki Alberdi alkateak. Autobus geltokiaren aldeko sinadura bilketa ere egin dute herrian.
Bi autobus geltoki daude gaur gaurkoz, «bat Kale Nagusian beheko auzora bidean eta bestea erdigunean». Idiazabal «goraka hazten ari da, gero eta etxebizitza gehiago dago goiko auzoetan eta ondorioz, erdigunetik gero eta urrutiago geratzen ari dira», esan du Alberdik.
Erantzunaren zain
Azaro Domingez, mugikortasun diputatuarekin eta Iban Pedreira mugikortasun zuzendariarekin bildu ziren udaleko ordezkariak pasa den ostiralean, eskaera aldundiari jakinarazteko. «Jarrera ezkorra agertu dute. Orain hiru urte ere idatzizko eskaera bat egin genuen eta atzera bota zuten, Idiazabalek duen populaziorako bi autobus geltoki nahikoa direla argudiatuta», esan du Alberdik. Udala ez ezik, guraso elkartea ere gaia lantzen ari da Hezkuntza sailarekin.
Eskaera «sakonago» aztertzeko konpromisoa hartu du aldundiak. Orain zer erantzuten duen itxaron beharko da.