Igerian, elkarbizitzarako bidean
Aurreko ostiralean hasi zen Emakumeok Mugimenduan ekimen aitzindaria Ordizian. Jatorri atzerritarreko hemezortzi emakumek igeriketa ikastaroa egingo dute zortzi saiotan.
Ekimen aitzindari bat jarri du martxan Ordiziako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Emakumeok Mugimenduan ekimenaren barruan, jatorri atzerritarreko hemezortzi emakumek igeriketa ikastaroa egingo dute zortzi saiotan, Majori kiroldegiko igerilekuan. Ekimenaren helburua da jatorria, kultura edo erlijioa edozein dela ere, emakumeek kirolean aritzeko urratsak ematea. Joan den ostiralean izan zuten lehenengo saioa, eta «oso gustura, motibatuta eta gogotsu» agertu dira ikastaroarekin.
Parte hartzen ari diren emakumeetako batzuek ez dute urarekin harremanik izan aspaldian, eta beste batzuentzat, berriz, lehenengo aldia da. Erronka bat da haientzat, gehienek ez baitakite igeri egiten. Jatorri ezberdinetako emakumeak ari dira parte hartzen: Ekuatore Ginea, Sahara, Bolivia, Maroko, Honduras, Nepal, Pakistan… Urarekin izandako lehen kontaktua gaindituta, «oso erlaxatuta» irten dira lehen saioetatik.
Udala azken urteetan egiten ari den emakumeen jabekuntza, motibazioa eta emakumeen arteko sareak sustatzeko lanketaren ondorioa da ikastaroa, inklusiorako, elkarbizitzarako eta ahalduntzerako lanketaren ondorioa.
Ordiziako taldeetan
Ordizian jada berdintasunaren, aniztasunaren eta ongizatearen aldeko espazioetan parte hartzen duten emakumeak dira. Batzuek Bizitza Al Hayat udaleko berdintasun, ongizate eta aniztasun sailetik bultzatzen den jatorri anitzeko emakumeen espazioan parte hartzen dute, beste batzuek, Ongi etorri Ordiziara! informazio saioetan, eta beste batzuek, aldiz, Ordizia Kolore ekimenetan.
Emakumeen parte hartzea eta ahalduntzea bultzatzeko eta integrazioa lantzeko tresna da igeriketa ekimen honetan. Kirolaren bidez emakumeen arteko sareak ehuntzen dituzte. Motibatuta zeuden aurretik partaideak, eta urarekiko beldurrari aurre eginda, motibatuta jarraitzen dute. Zortzi saio dituzte zehaztuta. Ondoren, ekimenari jarraipena nola eman diezaioketen erabakiko dute.