Peña eta Albisu bikote binakako pilota txapelketan
Gaur aurkeztu dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan Esku Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Binakako Txapelketa, eta han eman dute lehian ariko diren zortzi bikoteen berri. Finala Iruñean jokatuko da, Nafarroa Arenan.
Bi Jon Ander, Ataungo Albisu eta Tolosako Peña bikote izango dira ostiralean hasiko den Eskuz Binakako pilota txapelketan. Han aurkeztu dituzte lehian ariko diren zortzi bikoteak.
Baikok honako bikoteak aurkeztu ditu: Jon Ander Albisu eta Jon Ander Peña; Unai Laso eta Aitor Aranguren; Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena; eta Iñaki Artola eta Ander Imaz.
Asperen lau bikoteak honakoak dira: Aitor Elordi eta Beñat Rezusta; Jokin Altuna eta Julen Martija; Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa eta Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaleta.
Ostiralean hasiko da lehia, Azkoitian (Gipuzkoa), eta igandean, hilaren 26an, Seguran ere jokatuko dira txapelketako partidak, nahiz eta oraindik ez duten karteldegia zehaztu. Finala, berriz, martxoaren 31n jokatuko dute, bigarren urtez jarraian, Iruñean, Nafarroa Arenan.
Lehiaketa sistema bera
Azken binakakoaren lehiaketa sistemari eutsi diote. Lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara.
Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute: hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile aterako dena zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkarako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du.
Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den. Aurrera egingo duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta lehen bi sailkatuak finalean ariko dira.