Santa Zezilia eguna ospatzeko kontzertuak egingo dituzte hainbat herritan
Bihar da Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna. Gaurtik igandera bitartean hainbat emanaldi izango dira Goierriko kale eta plazetan, herri bakoitzeko taldeen eskutik.
Santa Zezilia eguna da bihar, musikarien zaindariaren eguna, alegia. Hori dela eta, Goierrin ere kalera aterako dira eskualdeko musikariak eguna ospatzera. Hainbat herritan, musika eskolako ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte kale eta plazetan.
XVI. mendean Gregorio XIII.ak musikarien zaindari izendatu zuen Santa Zezilia, eta harrezkero, kultura katolikoan musikaren eguna ospatzen da azaroaren 22an, Santa Zezilia hil zuten egunari erreferentzia eginez. Laute batekin edo organo batekin irudikatu ohi da Santa Zezilia kristau iruditerian.
Gaur hasiko dira Goierrin ospakizunak. Lazkaoko Lazkao Txiki Musika Eskolako ikasleek plazako frontoian egingo dute kontzertua, 16:45ean. Zumarragan, berriz, kalejira eta txokolatada egingo dute Secundino Esnaola Musika Eskolako ikasleek, 17:30ean, Euskadi enparantzan.
Bihar, Beasaingo, Idiazabalgo, Legazpiko eta Zegamako musika eskoletako ikasleek egingo dituzte egunaren harirako kontzertuak, Ordiziako musika eskolakoena ostegunean izango da, eta Legorretakoena, ostiralean. Seguran, igandean ospatuko dute. Azaroan Musika zikloaren barruan, herriko musika taldeen kontzertu bateratua izango da Legazpin, larunbatean.
Emanaldiak herriz herri
Beasain. Bihar, 19:30ean, Loinatz musika eskolakoen kontzertua, Igartza Jauregian. Ostiralean, musika eskolako ikasleen eta Goizeresi Txistularien emanaldia Loinazko San Martin plazapean, 18:00etan.
Idiazabal. Bihar, 18:30ean, musika eskolako ikasleen kontzertua, Guraso Elkartean.
Legazpi. Bihar, Doinua Musika Eskolakoen kalejira, 17:00etan. 17:30ean, ekitaldia azokan. Larunbatean, Santikutz abesbatza, Goiz Deia Txistulari Taldea, Alaitasuna Errondaila eta Legazpi Musika Bandaren kontzertua, 19:00etan, Urbeltz pilotalekuan.
Zegama. Gaur, Zegamako gimnasioan, Tobera Musika Eskolako ikasleen kontzertua, 18:30ean. Larunbatean, Orkatz abesbatzaren kontzertua San Martin elizan, 19:00etan.
Ordizia. Bihar, Musika Eskolako Bandaren kalejira, 19:15ean. Ondoren, emanaldia Plaza Nagusian, musika eskolako koraleko ikasleekin.
Legorreta. Ostiralean, 19:00etan, Elekun abesbatzaren eta musika eskolako ikasleen emanaldia.
Segura. Igandean, Santa Zezilia eguneko ospakizunak.