Auzo-konposta zabaltzeko kanpaina abiatu du udalak
Hiru puntu berri jarriko dituzte martxan: Eskarabillan, Araba kaleko parkean eta Bilordi parkean. Informazio puntuak jarriko dituzte ostiralean eta asteartean. Europako Hondakinen murrizketa astearekin bat egin du udalak.
Auzo-konposta zabaltzeko kanpaina jarri du abian Ordiziako Udalak, materia organikoarekin konposta egiteak dituen onuren berri emateko. Horretarako Galemys enpresa kontratatu du, prozesuaren inguruko informazioa emateko eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Gaur goizean Jakes etxearen parean egon da informazio puntua. Ostiralean 17:00etatik 20:00etara egongo da, udaletxeko arkupean edo plazan, eta asteartean, berriz, 10:00etatik 13:00etara. Maitane Alvarez ingurumen zinegotziak azaldu duenez, materia organikoaren zikloa ixtea ahalbidetzen du konpostak, lurretik ateratakoa lurrera itzulita: “Kalitate handiko ongarri naturala da, lurzoruarentzat oso onuragarria. Konpostarekin kutsadura murrizten dugu, hondakin horiek garraiatzearen ondorioz sortutako gasak gutxitzen ditugulako”.
Udalaren datuen arabera, sortutako hondakinen %40 materia organikoa da. Hala, tokian bertan tratatuta, garraioa eta tratamendu plantaren beharrik ez dago. Hiru puntu berri jarriko dituzte martxan Ordizian: Eskarabillan, Araba kaleko parkean eta Bilordi parkean.
Europako Hondakinen astea
Europako Hondakinen murrizketa astea da hau. Azaroaren 16tik 26ra ospatzen ari dira aurten, eta Ordiziako Udalak bat egin du ekimenarekin. Azaldu dutenez, Ordiziako gaikako bilketa tasa %77koa da eta errefusara %33a joaten da. Errefusa gutxitzea dute helburu, eta horretarako, gaikako bilketa handitzeko hainbat ekimen antolatu dituzte.
Sasietaren ekimenez, kafe kapsulak biltzeko zortzi puntu jarri dituzte Ordizian: Filipinak kalean, Joseba Rezola pasealekuan, Santa Amalia kalean, Nafarroa Etorbidean, Floreaga kalean, kale berrian, Arana kalean eta Zumalakarregi etorbidean. Kafe hondarra ongarrirako erabiliko da, eta plastikoa eta aluminioa edukiontziak edo hiri altzariak egiteko.
Plastikozko tapoiak erabilita bankuak, piknik mahaiak eta koadernoak egin ditu udalak. Zazpi bilketa puntu egon dira. Ehun kilo tapoi bildu dituzte, 85.000 tapoi. Bankuak San Bartolomen jarri dira, eta piknik-mahaiak San Joan auzoan.