'Baginaren bakarrizketak' antzezlana, etzi Guraso Elkartean
Larunbatean, azaroak 25, mundu mailan ospatuko den Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunaren harira, Txalo konpainiaren Baginaren bakarrizketak antzezlanaren emanaldia antolatu dute Idiazabalen. Guraso Elkartean izango da, 19:00etan hasita. Sarrerak 7 eurotan daude dagoeneko salgai, udal liburutegian.
Eve Esler estatubatuarraren The Vagina Monologues antzezlanean oinarrituta, behin eta berriro taularatu den lana da Baginaren bakarrizketak. Adin, arraza, maila kultural eta sozial ezberdinetako 200 emakumeei egindako elkarrizketen emaitza da. Emakumeak, euren sexualitatearekiko sentitu eta sentitzen zituzten erru eta lotsa sentipenetatik libre azaldu ziren.
Komedia honek, eztabaida piztu, moldeak apurtu, dinamikak sortu eta, lotsarik gabe, argi eta garbi azaltzen du emakumeen sexualitatea. Umorea, samurtasuna eta tarteka, izua adieraziz, hiru aktoreek -Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Etxeberria eta Intza Alkain- emango diete ahotsa emakumeei Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, poesia, probokazioa eta barrearen bidez.